Eztegara eta Matzada arteko saihesbidea egiteko lanak hasita, bigarrena eta hirugarrena ere esku artean ditu udalak eta proiektuen lehen onarpena ere eman du Nafarroako Gobernuak. Bi saihesbide horiek egiteak 5.064.093,52 euroko kostua izanen duela aurreikusi du udalak, baina ez du proiektuak gauzatzeko datarik paratu mahai gainean.
Oraingoz, bi saihesbideak egiteko trazatuaren proiektua da Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak onetsi duena. Saihesbide horien eraikuntzarekin, trafikoa Berako erdigunetik atera nahi du udalak, beratarren bizi kalitatea hobetu eta ondare historiko eta kulturala zaindu bidenabar.
Bigarren saihesbidea lehenengoaren segida izanen da, Berako ekialdean eraikiko dute, eta Sara aldera doan NA-4410 errepidearen lotunea izanen da. 590 metroko luzera izanen du, eta Illekueta auzotik Angulero ingururako bidea eginen dute. Tartean, Zia errekaren gainean 50 metroko zubia eraikiko dute.
Trafikoa Berako erdigunetik atera nahi du udalak saihesbideen bitartez
Hirugarren saihesbideak, berriz, iparraldean kokatua egonen denak, Altzateko plazatik trafikoa kentzea du helburu. Lizuniaga aldera doan NA-4410 errepidea eta Ibardinera doan NA-1310 errepidea lotuko ditu, trafikoa Altzateko plazatik ateraz. 230 metroko saihesbidea izanen da.
Bi saihesbide horien lehen urrats gisa, desjabetzeak egiteko prozesua hasi dute eta lanen espedientea kontsultatzeko eta alegazioak egiteko aukera izanen da.
Lehen saihesbidea egiteko lanak martxan dira
Aipatu bezala, hasi dituzte Eztegara eta Matzada lotzeko zubia eraikitzeko lanak. Nafarroako Gobernuko dirulaguntza bat hartzeko derrigor hasi behar zituzten 2025ean, eta hala hasi zituen Sasoi enpresak. Abenduaren 22an hasi ziren kiroldegi eta Toki Ona institutu gibelean eginen dituzten lanetarako sarbidea prestatzen eta eguberrietan oporrak izan ondotik, berriz ere berrekin diete lanei.
Hasierako proiektua hainbat alderdi teknikotan aldatu dute baliabideak optimizatzeko eta ingurumen eta paisaia inpaktua murrizteko. Obra zuzendaritza Monkaval enpresaren kontura izanen da eta udalarekin eta Sasoirekin batera ari dira lanean aldaketa horiek gauzatzeko.
Lanak egiteko epea luzatu badute ere, udarako bukatzea aurreikusi dute
Planteamendu berri horrek, lanen aurrerapena material horien eskuragarritasunaren baldintzapean jartzen du, eta, beraz, gauzatzeko epea irailera arte luzatzea planteatu dute, nahiz eta espero duten lanak udarako bukatzea. Lan horrekin batera, udalak inguruko oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lan osagarriak egitea eta aparkaleku berri bat sortzea ere planteatu du.
Obrek dirauten bitartean, kiroldegi gibelaldeko Matzada karrikako zati itsua erabilera publikorako itxiko da, egin beharreko lanen sarbidea izanen baita.