2026ko inauteak iragarriko dituen kartela aukeratzeko lehiaketa deitu du Lesakako Udalak. Urtarrilaren 16an, 13:00etan bukatuko da aurkezteko epea. Irabazleak 250 euroko saria hartuko du.
Kartelaren neurria A3koa izan beharko du (297 x 420 mm) eta bertan, derrigorrez, 2026ko INAUTERIAK LESAKAN otsailaren 12tik 17ra azaldu beharko da. Lesakan jaioak edo bertan erroldatutako 18 urtetik goitiko pertsonek parte har dezakete eta aurkezten dituzten lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dute.
Aurkezpena gisa hauetako lehiaketetan ohikoa den sistema erabiliz egin daiteke, urtarrilaren 16ko 13:00ak arte.
Erakusketa urtarrilaren 19tik 23ra liburutegian
Aurkezten diren lan guztiekin erakusketa bat osatuko da liburutegian, urtarrilaren 19tik 23ra (biak barne). Herri bozketak erabakiko du irabazlea, eta haren erabakia ezin izanen da gibelera bota. Horretarako, erakusketak irauten duen bitartean, bertan, Lesakan jaioek edo bertan erroldatuak direnek bozkatzeko aukera izanen dute aipatutako egunetan. Kartel irabazleak 250 euro jasoko ditu. Lesakako Udala jabetuko da lan sarituez eta bertzeak itzuli eginen dira.