Mendi Eguneko hitzordu garrantzitsuenetakoa izanen da Santa Barbara mendira eginen duten kronoigoera. 15:30ean izanen da proba eta lasterkariek herrigunetik Santa Barbarara joan etorria egin beharko dute, bortz kilometro eta erdiko ibilbidea denera.
Izena emateko aukera dagoeneko irekia dago, eta egunean berean zein aitzinetik online egin daiteke galdetegi hau beteta. Bikoteka edo hirunaka osatu beharreko proba da Santa Barbarara egiten dutena, eta lasterketa egiteko kiderik ez dutenek ere izena ematen ahalko dute, eta antolatzaileek lortuko diete bikotea. Gainera, antolatzaileek oroitarazi dute hamasei urtetik beherakoek parte hartzeko gurasoen edo tutoreen baimena aurkeztu beharko dutela.
Kronoigoeraren ondotik jatekoa banatuko dute eta zozketak izanen dira. 19:30ean esklerosi anizkoitzari buruzko testigantza biltzen duen Zazpi dokumentala aurkeztuko du Mikel Lizarraldek.
Igandean, berriz, mendi itzulia eginen dute Larhun Ttikira 09:30ean aterata.