Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa mistoa eta emakumeena erabaki ondotik, abenduaren 21ean, gizonezkoen launakako txapelketa jokatuko dute Muruetan (Bizkaian) igande goizean. 310 kiloz beheitiko kategorian aritu dira eta, tiraldi guziak irabazita, Lesakako Beti Gaztek lortu du txapela janztea. Bigarren postua Txantrea taldeak eskuratu du Ezpeletako Ñapurrak B taldeak osatu du podiuma.
Beti Gazteko laukote txapeldunean Xuban Arozena, Beñat Ordoki, Unai Gurrutxaga eta Ruben Pedrosa aritu dira tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.
Laugarren postua Ibarrak eskuratu du; bosgarren postuan berdindu egin dute Ñapurrak A eta Zuraide A taldeek bosna puntu eta erdirekin, zazpigarren Antsoain, zortzigarren Zuraide C, bederatzigarren Zuraide B eta hamargarren Forua izan dira.
Beti Gaztek Nafarroako txapel guziak irabazi ondotik, Euskal Herriko launakakoan txapeldunorde izan da mistoan eta txapeldun emakumeetan eta gizonezkoetan. Zuzen bidean, Euskal Herriko txapelketa nagusia datorren urte hasieran jokatuko dute, baina oraindik ez dute egutegirik zehaztu.