[ARGAZKIAK] Lizarietako ingurumen eta hegaztien interpretazio zentroa inauguratu dute Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 22a

Abenduaren 20an inauguratu zen Lizarietako ingurumen eta hegaztien interpretazio zentroa. 1998an jarri zen Etxalarko Udalaren izenean Lizarietako lehengo aduana zaharra zena eta, geroztik, Cederna Garalurrek kudeatzen duen Next Generation funtsei esker, bi dirulaguntza partidekin egin da orain inauguratu den interpretazio zentroa. Argazkiak: Irune Elizagoien eta Patxi Larretxea

Lehenengo fasean teilatua berritu zen eta bigarren fasean eraikina kanpotik berriztatu, eta barreneko aldea museo modura prestatu da. 2026ko erronka, zentro honen kudeaketa antolatzea izanen da. Etxalarko Udala idekia dago edozein proposamen jasotzeko. Herriaren historia, usategiak eta usazaleak, herritarren ohiturak, ingurumena eta bertako altxor guztiak Etxalartik mundura zabaltzeko espazioa izatea da helburua. Bisita eremu soilaz haratago, herritarren parte hartzean eta dibulgazioan oinarritutako espazio bizia izatea da nahia. Inguruko hegaztiak, sare bidezko uso harrapaketa tradizionalaren ohitura, migrazioa, kontrabandoa, ingurumen balioa, mugaren historia eta bertze hainbat gaien inguruko informazio mardula topatu daiteke bertan. 

Lizarieta kaskoko bi karpak jendez leporaino beteta, Abata Etxalarko Usategiei buruzko film labur dokumentalaren aurrestreinaldia ere izan zen segidan. Joseba Iratzokiren doinuek borobildu zuten ekitaldia eta Etxalarko Udalak eskainitako luntxarekin eman zitzaion akabera egunari

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun