Ortzegunean egindako udal batzarrean EH Bilduren aldeko sei boto izan zituen erabakiak eta Geroa Baiko lauak abstenitu ziren
Gogoratu behar da azaroaren 30ean egindako herri galdeketan Lesakako feria eguna ortzegunetik ortziralera aldatzearen alde eman zutela botoa parte hartzaileen % 80ak (677). Halere, Lesakan erroldatutako hamasei urtetik goitiko 2.277 herritarren erdiak baino guttiagok (837 zehazki, erroldatuen %36,75) eman zuenez botoa, erabakia ez zen loteslea izan. Ortzeguneko udal batzarrak hartu zuen beraz, azken erabakia eta, aitzinetik iragarri bezala, EH Bilduk herri galdeketan eman zen emaitzarekin bat egin zuen.
Lesakako EH Bilduk eskerrak eman nahi dizkie galdeketan parte hartu zuten herritar guziei, «eta etorkizunean parte hartzean sakontzen» jarraituko dutea adierazi du. «Lesaka denon artean eraikitzen segitzeko lanean jarraituko dugu, hausnarketa, eztabaida eta erabaki oro modu part hartzailean izan daitezen».
Azkenik, elkarte eta norbanakoei ere dei egin diete «datorren urteko ferien antolaketan parte hartu dezaten, herriko egun berezi hau bereziago izateko asmoz».