Aurten ere olentzero eta jaiotza lehiaketak antolatu ditu Lesakako Udalak abenduaren 24an. Asteazkenean 11:30ean izanen dute hitzordua Lesakako Plazan. Parte hartu nahi duten taldeek abenduaren 22an eta 23an, astelehenean eta asteartean 09:00etatik 14:00etara eman behar dute izena Lesakako herriko etxeko bulegoetan eta izena ematerakoan konpromiso orri bat sinatu beharko dute.
600 euroko sari nagusia
Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dira: 10 urte arteko haurrak; 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Jaiotzen lehiaketan, berriz, bi kategoria izanen dira: 10 urte artekoak eta 11 urtetik goitikoak. Sariak ere ohikoak eta adinaren araberakoak izanen dira (erraterako, 600 euro maila nagusiko irabazlearentzat), baina talde guztiek izanen dute bere saria. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitaez Olentzero buru haundia eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentzero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. Epaimahaia, herriko bederatzi pertsonez osatua egonen da. Olentzeroa edo Jaiotza, kanta eta janzkera baloratuko dituzte. Epaimahaia kioskoan egonen da eta honen espazioa errespetatu beharko da beraien eginbeharra oztopatu gabe.
Olentzero eta jaiotzen lehiaketan parte hartzen dutenen argazki artxibo historiko bat osatzeko helburuarekin, Lesakako Udalak argazkilari ofizial bat kontratatuko du egun horretarako, olentzero, jaiotza, parte hartzaile eta abarren argazki albuma egin dezan. Argazkiak nahi duen ororentzat egonen dira eskuragarri. Hori dela eta, ezin izanen da kioskoan sartu argazkiak edo bideoak egiteko.
Azken urteetan bezala, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen da, ondotik izanen den jaialdian. Olentzero ttikiek plazara sartzeko bi gurasoren laguntza izan ahalko dute. Lehiaketaren ondotik Olentzero eta Jaiotza guztiak karriketatik bildu beharko dira. Zaborretara botatzeko asmoa izanez gero, plazako aparkalekuan utzi ahal izanen da, horretarako adierazitako lekuan, eta udala arduratuko da biltzeaz. Egokitutako eremutik kanpo hondakinak utziz gero, biltzeak suposatzen duen kostua Olentzero talde horrek ordaindu beharko du.
Arratsaldean kalejira
Arratsaldean kategoria nagusiko talde irabazleak musika bandarekin egin ohi duen kalejira ere bueltatuko da aurten, 18:00etan hasita.