«Bertsolari bezala txapelketa honek aunitz erakutsi dit»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 21a

Ekhiñe Zapiainen hirugarren txapelketa izan da aurtengoan. Argazkian Agoitzen jokatutako finalaurrekoan ageri da. Josu santesteban/NBE

Ekhiñe ZAPIAIN ARLEGI, Berako bertsolaria.

Mutiloan hasi, Agoitzen segi eta Iruñean borobildu du Nafarroako Bertsolari Txapelketako bidea Ekhiñe Zapiain Arlegi bertsolariak. Hirugarren parte hartzea izan du txapelketan, eta lehenengoz, finalean aritzeko txartela lortu du.

2.500 bertsozaleren aitzinean kantatu zuen Nafarroa Arenako finalean eta 666 puntu lortuta, zazpigarren postuan sailkatu zen. Gainera, finalerako txartela lortuta, heldu den urtean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko txartela ere lortu du. Finala pasatu eta egun guttira, Nafarroan Arenan izandako bizipenak eta txapelketan egindako bideaz aritu da.

Finala oroitzean, hitz bat nabarmendu du guztien gainetik: emozioa. «Lehendabiziko finala izan da, eta horregatik uste dut emozio aunitzekin bizitu nuela, emozio handiz, zentzu guztietan». Urduri eta ilusionatuta, halaxe sentitu zen egunean berean zein aitzineko egunetan: «Hagitz kontent nintzen eta izugarrizko ilusioa egiten zidan bertara ailegatu izanak, eta aldi berean urduritasun handia ere banuen,  lehendabiziko aldia zelako horrelako plaza batean, eta ez nekielako zehazki zer izanen zen».

Lan luzea egin behar izaten dute bertsolariek finalean, hamabortz bertso puntuagarri, eta denetariko momentuak izan zituen. «Zozketan lehendabizikoa izan nintzen, eta horrek eragin zidan saioa tentsionatuta hastea». Saioak aitzinera egin ahala, ordea, gorputzaldia aldatu, eta gozatzeko aukera ere sentitu zuen: «Bukaeran uste dut lasai eta gozatzen aritzeko tartetxo bat ere hartu nuela eta kontent bukatu nuen, nahiz eta urduri hasi».

Ekhiñe Zapiain Arlegi Nafarroako Arenako finalean kantari. Argazkia Josu Santesteban/NBE.

Lehenengo bertsolaria izaki, oholtzan iskina batean egotea egokitu zitzaion beratarrari, eta hargatik ezin izan zuen oholtzakideekin aunitzik solastatzeko aukerarik izan. Kideak «hagitz ongi» ikusi zituen oholtzan, «eta iruditzen zait bakoitzak utzi zuela pixka bat beretik». Saio polita izan zelakoan dago: «Momentuan erne egon nintzen eta nik behintzat gozatu nuen bertsokideak aditzen eta bota zituzten bertsoekin». Gainerako bertsolariekin izandako harremana «gustatu» zitzaiola ere kontatu du eta, beraz, oholtzakideekin «hagitz kontent» egon zela.

Txapelketako bide luzea

Txapelketa bukatuta, «ikaskuntza handiko bidea» izan delakoan da Zapiain: «Nik neure burua ere bertsotan kokatuagoa sentitzen dudan momentu batean ailegatu da txapelketa hau eta uste dut modu kontzienteagoan edo presentzia gehiagoz bizitu dudala. Zentratuago joaten saiatu naiz, burua gehiago txapelketan jarrita eta neure buruari erranez zer lortu nahi nuen eta nola lortuko nuen egin nahi nuen hori». Egindakoarekin pozik da beraz: «Orokorrean kontent nago bertsolari bezala aunitz erakutsi didalako txapelketa honek».

Txapelketa bukatuta, egunerokoan bertsotan segituko du. Bertso irakasle aritzen da bertso eskoletan, eta aunitz gozatzen du lanean: «Bertsoa oro har presente dago nire bizitzan modu aunitzetan eta horrela segitzea nahiko nuke». Txapelketan ikasitakoa, orain, plazaz plaza erakutsi nahiko luke, deitzen duten plazetara kantatzera joanez, eta hobetzeko ilusioz. Etorkizunari ere begira ari da, heldu den urtean izanen baitu lehenengoz Bertsolari Txapelketa Nagusia: «Txapelketa Nagusian Nafarroakoan ikasitako guztia kontuan hartu nahiko nuke eta are gehiago lantzeko prest nago». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun