Material birziklatuekin auzolanean egindako argiak paratu dituzte Lesakako Albistur karrikan

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 17a

Argi apaingarriak egiteko tailerrak egin zituzten azaro hondarrean Lesakan eta orain, eguberriei begira, egindako lana zintzillikatu dute.

Gurekin Lesakako Zerbitzu Elkarteak, Lesakako Udalaren laguntzarekin, eguberrietako argi apaingarriak egiteko tailerrak antolatu zituen pasa den azaroaren 23 eta 30ean. Karrikako apaingarri hauek, auzolanean eginak izateaz gain, material birziklatuekin egin dira, betaurrekoen lenteak, tapoiak edota kortxoak bezalako materialak erabiliz, eta Gurekin elkartearen logoa irudikatzen dute.

Tailerrak arrakastatsuak izan ziren, haur eta guraso aunitz elkarrekin lanean aritzeaz gain, giro paregabea sortu baitzen bertan, Amaia Zinkunegi Birbiraren laguntzarekin.

Aipatutako argiak, Albistur karrikaren zati bat argiztatuko dute eguberri hauetan. Modu sinbolikoan bada ere, herri ttikietan komertzioak duen garrantzia goraipatu nahi izan dute elkarteak eta udalak. Hortaz gain, auzolana, ekologia eta herrigintzaren garrantzia indartzea izan dute helburu.

Lerro hauen bitartez, Gurekin elkarteak eskerrak eman nahi dizkie bertan parte hartu duten herritarrei baita Lesakako Udalari ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun