Urteko azken elkarretaratzea Lesakan egin dute Baztan-Bidasoko pentsiodunek

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 16a

Lesakako elkarretaratzean elkartutako pentsiodunak

Hilabeteroko hitzorduarekin segituz, Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak Lesakan egin zuen atzo elkarretaratzea. 28 lagun elkartu ziren. 

Pentsio duina, bizi duina eta guttieneko pentsioa=guttieneko soldata lelopean elkartu ziren pentsiodunak Lesakan. Hain zuzen, pentsioak izan zituzten lehen mintzagai, eta salatu zuten «Hego Euskal Herriko administrazioek hitz politekin apaintzen dituztela aurrekontuak». 

Nabarmendu zuten Nafarroan 51.000 pentsiodunek baino gehiagok guttieneko soldata (1.184 euro) baino guttiago kobratzen dutela eta Euskal Autonomia Erkidegoan 168.000 pentsionistak. «Lotsa ematen du Eusko Jaurlaritzak egiten duen Eitb maratoia propaganda, zahartze duin baten alde, eta gero 145.000 lagunek babestu duten gutxieneko soldata propioa hain modu baztergarrian gaitzestea». 

Guttiengo pentsioa guttiengo soldatarekin parekatzea eskatzeko, manifestazioa eta elkarretaratzea eginen dituzte ortzegunean, abenduak 18, Gasteizen eta Iruñean. Gasteizen gainera 24 orduko itxialdi bat ere eginen dute, abenduaren 17an 10:00etan hasita. 

Zaintza duina

Abenduaren 18an onartzekoak dituzten Nafarroako aurrekontuak izan zituzten hizpide. «Pentsiodunen mugimenduak pentsio duinak ez ezik, zaintza duina eta publikoa aldarrikatzen ditugu, eta aurrekontu horiek ez dute bermatzen, inondik ere, zaintza duina eta publikoa ematea». Osasun arretak duen garrantzia ere azpimarratu zuten, eta salatu Nafarroan ez dela nahikoa dirua bideratzen osasungintzara: «Aurrekontu proiektuan ez da inolako aldaketarik sumatzen. Oraindik eta kaltetuagoa gelditzen da lehen mailako osasun arreta. Osasun zaintza duina eta publikoa nahi badugu, mobilizatzea bertze erremediorik ez zaigu gelditzen». 

Palestina ere izan zuten mintzagai, eta salatu zuten «bake akordioarekin saldu nahi izan digute, baina, genozidioak eta Palestina suntsitzeko urraketak hor segitze dute». Bide horretan nabarmendu zuten garrantzitsua dela Israeldar produktuei boikota egitea eta Israelekin negozioak egiten dituztenak salatzea. 

Hurrengo elkarretaratzea urtarrilaren 19an eginen dute Elizondon 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun