2025a urte emankorra izan da Goiuri Urra Yecora, 17 urteko motor gidari lesakarrarentzat. Aurten lehen aldiz Espainiako enduro txapelketan hartu du parte junior mailan, Olaberriko Jonzuremoto taldearekin, bera baino zaharragoak diren areriorekin. Bortz asteburutan espainiar estatuko bortz probintziatan egin ditu karrerak, asteburu bakoitzeko bi eta guztietan lortu du podiumera igotzea.
Azpimarratzekoa da Golmayon (Soria) egindako azken asteburua. Honetan hiru proba egin behar izan zituen eta junior mailako sailkapen orokorrean bigarren zela ailegatu zen azken txanpa horretara, lehenbiziko sailkatuak baino 21 puntu guttiagorekin. Super Enduro modalitatean jaun eta jabe izan zen, garaile suertatu zen. Igandean, motorrean matxura izan arren, bigarren bukatu zuen eta sailkapen orokorreko aldea hiru puntura murriztea lortu zuen. Azkenean, beraz, Espainiako Hard Enduro Extrem txapelketan, junior mailan bigarren izan da Goiuri Urra, irabazle izan den gidaritik hiru puntu eskasera.
Mundialeko karreran bikain
Espainiako txapelketan ez ezik, Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketako probetan ere bikain ibili da Goiuri Urra, baita Aguilar de Campoón jokatutako munduko txapelketako karreran ere. Sailkapen orokorrean seigarren izan zen. Aurtengo denboraldia bukatuta, datorren urtean ere enduroan segitzeko asmoa du Goiuri Urrak, oraindik ere junior mailan. Aurten pilatutako esperientzia baliagarria izanen zaio lehiarako.