Luken Urtxegi igantziarra txapeldunorde izan da Euskal Herriko lokotx biltze txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 15a

Gizonezkoen Euskal Herriko lokotx biltze txapelketako podiumean, Lur Gil txapeldun, Luken Urtxegi igantziarra bigarren eta Aritz Martin hirugarren. Segundo berean bukatu zuten hiruek.

Euskal Herriko lokotx biltze txapelketa jokatu dute abenduaren 14an, igande eguerdian Mungiako pilotalekuan (Bizkaia). Ainhoa Etxegarai beratarrak ezin izan zuen parte hartu, baina gizonezkoen txapelketa izan zen inoizko berdinduena. Hiru lehenbiziko sailkatuak segundo berean bukatu zuten lana eta 21 ehunekoren aldea bertzerik ez zen izan lehenbizikoaren eta hirugarrenaren artean. Luken Urtxegi Urra igantziarra bigarren izan zen.

Igandean Mungian jokatutako finala izan da inoizko berdinduena, hiru lehenbizikoak 21 ehunekoren barrenean bukatu baitzuten lana

Euskal Herriko gizonezkoen txapelketako bi lehenbizikoak bi nafarrak izan ziren: Lur Gil Rey izan zen txapeldun (6.57.18) eta Luken Urtxegi Urra igantziarra bigarren (6.57.26). Beraz, 50 koxkor biltzeko lanean, zortzi ehunekorengatik ez zen txapeldun izan Urtxegi. Hirugarren sailkatua, Aritz Martin, ere ez zen urrun (6.57.39), txapeldunetik 21 ehunekora eta txapeldunordetik 13 ehunekora. Inoizko lehiarik estuena izan zen. Laugarren Mikel Aingeru Polancos izan zen (7.19.73) eta bosgarrena Xabier Ortiz de Zarate (7.23.13).

 

Emakumezkoetan, Ainhoa Etxegarai Elgorriaga beratarrak, azken hiru urteetako txapeldunak, ez zuen parte hartzerik izan eta horrek aunitz zabaldu zuen lehia. Sara Zapata Ortiz de Apodaka arabarra da Euskal Herriko txapeldun berria, lana zortzi minutuz beheiti egin zuen kirolari bakarra bera izan baitzen (7.49.41). Amaia Jimenez de Vicuña izan zen bigarren (8.06.82) eta Estibaliz Messeguer hirugarren (8.07.62). Maider Etxezabal izan zen bosgarren (8.16.12) eta Leire Larrazabal bosgarren (8.55.36).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun