Berako errege kabalkadan antolaketan aritzeko boluntarioak behar dituzte

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 15a

Berako kabalkada arriskuan dago. Mezu hori zabaldu dute Berako Udalak eta Kultur Batzordeak. Antolaketa lanetan aritzeko jendea behar dute, eta bihar arte izanen dute interesatuek apuntatzeko aukera. 

Abendu hasieran zabaldu zuten lehen sos mezua. Orduko hartan, antolaketa lanetan aritzeko jendea eta parte hartzaileak behar zirela adierazi zuten. Mezuaren ondotik, parte hartzaile aski bildu dituzte, eta oraingoan, antolakuntza lanetan aritzeko jende gehiago behar dutela adierazi dute. 

Antolaketa lanetan aritzeko izena ematen dutenak honako lanetan arituko dira: pajeak edo erregeak kotxez garraiatzen, kabalkadako parte hartzaileak makillatzen eta arropa janzten laguntzen, estalpea muntatzen, jaiotzan parte hartzeko haurrak lortzen, karrozak apaintzen, opariak paperean biltzen, ibilbidean soldaduei argi-zuziak ematen, eta bukaeran arropa eta gainerako apaingarriak biltzen. 

Izena emateko epea bihar bukatuko da eta galdetegi hau betez egin beharko da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun