Diabetesa eritasun bat da, Lesakako Osasun Etxeak esplikatu duenez, «odolean glukosa (azukrea) gehiegi izatea du bereizgarri, pankreak intsulina nahikoa sortzen ez duelako edo organismoak egoki erabiltzen ez duelako».
Kontzeptuak
- Intsulina: Intsulina hormona bat da eta pankreak sortzen du. Haren funtzioa odoleko azukre mailei egoki eustea da.
- Glukosa: Karbohidratoak dituzten elikagaietatik heldu da nagusiki: gozokiak, pasta, ogia, arroza, zerealak… Elikagai horiek glukosa bihurtzen dira, zeina hertzetik odolera xurgatzen baita. Odolean dagoen azukreari gluzemia erraten zaio. Hortik, intsulinaren eraginez, zelulen barrenera sartzen ahal da glukosa, eta energia gisa erabiltzen ahal dute zelulek. Mugitzeko eta gainerako jarduerak egiteko behar dugu energia hori.
Diabetes motak
- 1 motako diabetesa: Pankreak hagitz intsulina gutti sortzen duenean. Gaixotasun autoimmunea da, eta intsulina sortzen duten zelulak suntsitu egiten dira. Haurtzaroan edo gaztaroan hasi ohi da eta Lesakako Osasun Etxearen arabera, «intsulina injektatzea da beti haren tratamendu farmakologikoa».
- 2 motako diabetesa: Gorputzak behar adina intsulina sortzen ez duenean, edo ezin duenean behar bezala erabili. Diabetesa dutenen % 90-95ek mota honetako diabetesa dute. Helduaroan hasten da, eta eskuarki, ez du sintomarik. Osasun etxekoek kontatu dutenez, «kasu gehienetan bizimoduaren ondorioz garatzen da gaixotasuna: gehiegizko pisua, sedentarismoa, jarduera fisiko falta edo elikadura ez hagitz osasungarria izaten dira arrisku faktoreetako batzuk». Tratatzeko egiten ahal dutena hau dela gehitu dute: «Behar izanez gero, pisua galdu, jarduera fisiko gehiago egin eta bizimodu aktiboa izan». Botikak behar izatekotan, pilulak erabiltzen omen dira: «Haiek bakarrik edo intsulinarekin nahiz bertze medikamentu xiringatu batzuekin batera».
Horiez aparte, badira hain ohikoak ez diren diabetes motak ere.
Diabetesarekin bizitzea
Lesakako Osasun Etxeak oroitarazi duenez, «2 motako diabetesari dagokionez, zenbait egoeratan, bizimodua aldatzen bada eta pisu osasungarria lortzen bada, glukosa mailak normaltzen ahal dira. Bertze batzuetan, gaixotasuna mantendu egiten da urteetan eta gaixotasun kronikotzat hartzen dugu. Zainketa egokiekin, diabetesa duten gehienek muga adierazgarririk gabeko bizimodua daramate».
Horrekin batera, «batzuetan sintomarik izan gabe, diabetesak osasunean ondorio larriak» dituela ere gehitu du, «batez ere geure burua zaintzen ez badugu». Hala, garrantzitsutzat jo du «gaixotasuna dugula jakitea eta osasuna hobetzeko neurriak hartzea, gaixotasunak kalterik eragin ez diezaien organoei».
Bide horretan, «diabetesa hobekiago kontrolatzeko oinarrizko zainketak» zerrendatu ditu:
- Elikadura
- Jarduera fisikoa
- Loa
- Pisu osasungarria
- Ez erretzea
- Alkoholik ez edatea
- Medikamentuak
- Oinak zaintzea
- Odol analisiak, begi hondoaren kontrola eta osasun azterketak
Informazio gehiago nahi izanez gero, lotura honetan.