Kafe baten bueltan elkartu da TTIPI-TTAPArekin eguberritako kontuak eta kantuak aletzeko familiaren bilgune duten txokoan. Bizitzan hainbat kolpe hartutakoa da, tartean bi semeren heriotza bizi izan du. Hala ere, segitzen dute biltzen, nahiz eta semeen faltarekin «tristezia» ere sartu. «Hori normala da, baina ospatzen segitzen dugu».
Eguberrien bueltan familia denarekin elkartzen da urtero Erkizia: «Eguberri bezpera semearen etxean ospatzen dugu, eguberri egunean nire senideak etortzen dira gure txokora, urtezaharrean alabaren etxera joaten gara, eta urteberria senarraren familiarekin. Eguberrietan bueltan gehienak elkartzen gara, adinean gora goaz eta hori mantendu nahiko nuke». Errege egunean, berriz, ez dute ospakizunik egiten.
Ikusten ez den lana
Eguberrietan denak mahaian bueltan elkartu ahal izateko, aitzinetik ikusten ez den lan aunitz egin behar izaten da. Etxe aunitzetan emakumeen gain izaten da eguberriak prestatzeko ardura, eta Erkiziak ere hala bizi izan du urteetan: «Seme-alabak haurrak zirenean jantziak prestatzen ni aritzen nintzen baita josten ere, eta otorduarekin ere berdin».
«Abenduko lehen astean egiten dut erosketa handiena, eta poliki-poliki osatzen dut»
Gaur egun, abenduan sartu orduko hasten da prestaketa lanak txukun egiten Erkizia, «azken ordurako» utzi gabe. Gustatzen zaio herrian egitea erosketak eta abenduko lehen egunak aprobetxatzen ditu horretarako. «Beti hala egin izan dut. Abenduko lehen astean egiten dut erosketa handiena, eta poliki-poliki osatzen dut. Azken egunerako ogia bakarrik uzten dut». Haurra zenean ere, amak aitzinetik lanak aitzinatzeko zuen ohitura oroitu du: «Garai hartan ez zen arrain freskorik jaten eta eguberri bezperarako arrain freskoa ekartzen zuen. Gainerakoa, etxekoa izaten genuen: solomoa, saiheskia edo etxean hazitako bildotsen bat».
Gaur egun menua ere, urtero antzerakoa izaten dute, nahiz eta aldaketaren bat sartzen duten: «Aunitz ibiltzen ditugu etxeko barazkiak eta salda, eta bakailaoa ere izaten dugu. Eguberri egunean, adibidez, guretzat klasiko bat bihurtu da bildotsa jatea»
Mahaiaren bueltan kantuan
Haurra zeneko garaiak oroitzean, alde batetik, «oparirik ez zela izaten» kontatu du, «laranja bat edo turroi puska bat…». Oparirik gabe, ere kontent izaten ziren: «Ez pentsa horrek zoritxarreko egiten gintuenik, kontrara, sinpletasunak zoriontasuna ekartzen duela uste dut». Eguberrietan ez zela bestara ateratzeko hainbertze ohitura ere oroitu du: «Igual mutilak gehiago, baina neskak ez ginen ateratzen». Atera gabe ere, etxeko epelean bihotzean gordetako oroitzapen politak ditu: «Kartetan aritzen ginen, edo bertso kantari, ohitura hori genuen guk etxean».
«Sinpletasunak zoriontasuna ekartzen duela uste dut»
Kantatzeko ohitura hori mantendu dute urteekin, eta kantuarekin lotutakoak dira eguberriekin dituen oroitzapenik ederrenetarikoak: «Eguberri bezperan senarra eta lau seme-alabekin kantuan aritzen ginen. Semeek gitarra ateratzen zuten, alabak akordeoia, eta beraiek bestara joan arte horrela aritzen ginen». Eta gaur egun ere badute ohitura horretarako: «Eguberri bezperan bilobak ere aritzen dira kantari». Eta eguberrietatik kanpo ere senideak elkartzen diren aldiro aritzen dira kantuan.
Bilakaera urteekin
Aunitz aldatu da eguberriak ospatzeko modua urteen joanean eta horren lekuko izan da Erkizia. Kritiko da horrekin: «Gaur egun uste dut opari sobera ematen direla. Ematen du derrigorrez eguberrietan egin behar direla, horrela planteatu du gizarteak, komertzio guztiak horretara bideratu dira eta gu ere horretara ohitu gara».
«Mimoz prestatzen ditut opariak eta saiatzen naiz zerbait berezia aukeratzen bakoitzarentzat»
Kontsumismoan erori gabe, eguberriak elkarrekin maitasunez eta goxotasunez» egoteko garaitzat ditu, nahiz eta gustukoa duen opari ttikiren bat egitea: «Denbora hartzen dut pentsatzeko bakoitzari zer eman». Eta aurtengoak prestatzen ere hasi da dagoeneko: «Mimoz prestatzen ditut opariak eta gustatzen zait, eguberrietakoak edo urtebetetzekoak izan, saiatzen naiz zerbait berezia aukeratzen bakoitzarentzat».
Aulki hutsak
Bertze familia aunitzetan bezala, aulki hutsak izaten dituzte etxean. Hala ere, eta nahiz eta tristeziari bere momentua eman, eguberriak ospatzen segitzen dute: «Pentsatzen dut semeak zoriontsu bizi zirela hemen eta nahiko luketela gu ere zoriontsu izatea. Burura etortzen zaigu, eta negar ere egiten dugu, inguruan falta ditugulako. Hala ere, min horregatik ez diogu sekula eguberriak ospatzeari utzi».
Aurten ere hala egin nahiko luke, senideak elkartu, eta familian goxo egon. «Ospatzen jakinez gero, abusatu gabe, eguberriak sasoi polita dira!».