EGUBERRIAK

«Saiatzen naiz jendeari transmititzen nola joan egoki jantzita»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 14a

Deñe Abuin Kattagorriako arduraduna, heldu den urtetik aitzinera dendan segituko duen Nerea Del Vallerekin.

Euskal jantziak armairutik atera eta soinean janzteko sasoia izaten dira eguberriak. Non erosi daitezke jantzi horiek ordea? Eta nola jantzi daiteke egoki? Inguruan euskal jantziak saltzen dituzten hiru lagunekin mintzatu da TTIPI-TTAPA gaiari buruz. 

Deñe ABUIN, Lesakako Kattagorria denda 

1989an ireki zuen Kattagorria mertzeria Deñe Abuin lesakarrak, eta urte batzuk beranduago, 1993an edo 1994an hasi zen euskal jantziak ere saltzen. Gaur egun, webgunea  ere badu, 2014an ireki zuen, eta erreferentzia bihurtua da.  «Kostatzen da Interneten toki bat egitea, eta Kattagorriak lortu du berea. Horrekin hagitz harro gaude». Nahiz eta urte osoan saldu,  lan sasoi inportantea hastear dira orain dendan.

30 urteko bidean,  euskal jantzigintzak izandako aldaketen lekuko izan da Abuin: «Ni hasi nintzenean dena uniformatua zegoen, eta  gona beltza eta zuria puntuekin bakarrik izaten genuen. Gero, urdina ailegatu zen, eta pixkanaka hasi ginen koloreak ere sartzen: grisa, granatea...  eta poliki-poliki aldatu da. Gaur egun mostaza koloreko jantziak saltzen ditugu, pentsa!».

«Jendeak gero eta jantzi politagoak jantzi nahi ditu»

Koloreak eta oihalak bai, baina «patroiek» berdin segitzen dutela dio. Aldaketak gonetan izan dira bere irudikoz: «Dantzariek zabalera gehiagoko gonak eskatzen dituzte eta jendea konturatu da oihal gehiago jarrita politagoa gelditzen dela».  Beren kasuan, gehien saltzen dutena gonak izanen dira: «Guk ditugun  gehienak ez dira esklusiboak, baina ez dituzu hogei berdin ikusiko». Koloreak aldatzeaz gain, gaur egun  «jendeak gero eta jantzi politagoekin» atera nahi duela uste du lesakarrak. Horretan, jantzia piezaka erosteak ematen duen aukera nabarmendu du: «Pixkanaka osatzen ahal duzu, eta gona berarekin bi edo hiru traje egiten ahal dituzu. Aukera aunitz daude». Gizonezkoen janzkeran, berriz, oraindik ere, ez du aldaketa sobera ikusi: «Hemen galtza urdina eta blusa beltza janzten du jendeak, eta ez da txalekorik jartzen laneko arropa delako». Hala ere, pixkanaka aldaketak ailegatuko direla uste du.

Ongi janzteko aholkuak

«Tradizioa saltzen dugunok badugu ardura», hala uste du lesakarrak: «Bezeroren batek jantzi polit bat erosi, eta erraten badit botekin edo kirol oinetakoekin joanen dela... Errespetu guztiarekin, baina, hori mozorrotzea dela erraten diot. Tradizio bat mantentzen ari gara, eta ez dugu mozorrotu behar». Eskualdean hori errespetatzen dela uste du, eta oro har, dantza taldeak dauden herrietan jendea hobekigo janzten dela, «urte aunitzez transmititu baitituzte idatziak ez dauden arauak, tradizioa txukun mantenduz».

«Tradizio bat mantentzen ari gara, eta ez dugu mozorrotu behar»

Dendara hurbiltzen direnak laguntzen eta aholkatzen aritzen da: «Saiatzen naiz jendeari transmititzen eta esplikatzen nola joan egoki jantzita. Hori da lanaren alde politena». Oinarrizko hainbat gomendio egin ditu: «Inportantea da gerruntzerik gabe gona janzten bada, atorra kanpotik paratzea. Zapia buruan eramaten ez bada sorbaldan paratzen ahal da baina ile luzea  hobe da biltzea». Oinetarako ere hainbat aholku eman ditu: «Abarkarik nahi ez duenak espartin beltzak, krema kolorean edo zuriak janzten ahal ditu. Espartin argiekin media beltzak, eta beltzekin media zuriak».  

1989an hasitako bidea bukatzekotan da: «Hagitz kontent nago dendak erreleboa izanen duelako. Pena handia nuen, apustu bat izan delako euskal jantziekin egindakoa». Segida izanen du Kattagorriak: «Nereak segituko du, orain ikasten ari da, eta heldu den urtean bera egonen da». Egindako lanarekin kontent hartuko du erretiroa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun