Berriz gertatu da, besta giroan egindako txarkeri, bandalismo, deitu diezaiogun nahi bezala. Besta giroa aipatzea ere bitxia da, bestak ez lukeelako eremu publikoan denonak diren ondasunak xehatu eta txikitzearekin zerikusirik izan behar.
Altzate Karrikako lanak direla eta Julio Caro Baroja karrikan hesien bidez dago egokitua oinezkoentzako bide bat. Joan den igande goizean, abenduaren 7an, pasabide honetako hainbat hesi, batzuk bere tokitik aterata eta bertze batzuk Zia errekan aurkitu genituen.
Tarteka, guk nahi baino sarriagotan, herrian gertatzen diren portaera ez zibikoen bertze adibide baten aitzinean gaude. Noski, nahita egindakoa izan da, borondate txarrez.
Ekintza honek arrisku egoera handia sortu zuen, oinezkoei pasabidea itxi zitzaielako hesiak mugituz, eta justu hesi hauek motordun ibilgailuentzako antolatua dagoen saihesbidetik babesten dituelako oinezkoak.
Zergatik portaera hori? Zer helburuekin? Nork edo nortzuk egin zuten? Nori eragiten diete horrelako jarrera ez zibikoak? Nori mesede eta nori kalte? Hainbat galdera airean ezintasun eta inpotentziarekin batera.
Zer egin gertakari hauen kontra?
Bideo kamerak instalatu eta zigor neurriak hartu?
Berako Udalekook uste dugu egoerari buelta emateko lankidetza eta zaintza bateratua sustatuko duen lokarri komunitarioa izan beharko litzatekeela bidea, errespetuaren eta gizalegearen kultura sustatzeko.
Kontua da, horrelakoak gertatzen direnean, ez dela nahikoa gertatutakoak deitoratzea. Funtsezkoa da azpimarratzea pertsona bakoitzak, talde bakoitzak duen ardura, zeregina eta konpromisoa ingurune seguru, garbi eta errespetuzkoa sortu eta mantentzeko.
Izan ere, zoritxarrez gure herrian, gizalegearen kontrako portaerak errepikakor bihurtu dira. Jarrera honek ondorio negatiboak ditu, eta txarrerako eragiten die herriko irudiari, segurtasunari eta ongizateari.
Berako Udalak herritarrei guztiei, norbanakoei eta taldeei dei egiten die jarrera hauen kontrako jarrera irmoa erakutsi dezaten. Guztiok gara herriaren parte eta denon ardura da herriaren zaintza, eta horretarako parte hartze aktiboa ezinbertzekoa da.
Gutxiengo batzuen jarrerak ezin du gehiengoaren portaera eredugarria zikindu eta ilundu. Beraz, segi dezagun lanean herria zaintzen eta hobea egiten. Taldean auzolanean, errazago eginen dugu bakarrik baino. Animo!