Hasteko, abenduaren 13an, larunbatean 19:00etan hasita, Olentzeroren Lagunak elkarteak, Euskal Kultur Erakundearen, Etxepare Euskal Institutuaren, Pirinio Atlantikoetako Departamentuaren eta Lesakako Udalaren laguntzarekin egindako Transmisioa ikus-entzunekoa ikusgai izanen da Harriondoa kultur etxean. Gero, solasaldia izanen dute. Argentinako euskal diasporari Olentzeroren tradizioa ezagutarazteko asmoz egindako bidaia da dokumentala.
Argazki erakusketa igandean irekiko da
Abenduaren 14an, igandean 18:30ean, olentzero eguneko argazki erakusketa irekiko da Harriondoan. Abenduaren 23ra arte ikusgai izanen da erakusketa. Segidan, 18:45ean, ‘O,entzero Lesakan, neguko erritutik, identitate paradigmara’ aurkezpena eta ikus-entzunekoa izanen dute Harriondoan.
Lehiaketako olentzeroa nola egiten den erakutsiko dute gazteek
Abenduaren 21ean, Olentzeroz-Olentzero izenburupean, Lesakako Gaztik taldeko kideek lehiaketarako olentzeroa nola egiten duten erakutsiko diete ttikienei plazan. 16:30ean Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurren txanda izanen da eta 18:30ean DBHko ikasleena.