Bide publikoetan pasabide lizentzien ordenantza onartu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 10a

Bide publikoetan pasabide lizentzien ordenantza onartu du Lesakako Udalak eta urte bukaera bitarte egin daitezke eskaerak.

Lesakako Udalak, eremu publikoa egokiago antolatzeko lanean, bide publikoetan pasabide lizentzien ordenantza onartu du. Ibilgailu batekin etxebizitza, garaje edo lokal batera sartzeko espaloia edo bertze eremu publiko batzuk zeharkatu behar badira, pasabide lizentzia beharko da. Urteko tasa: 40,00 euro metro linealeko.

Lizentzia eskatzeko hondarreko eguna abenduaren 31 izanen da

Sarbidera ailegatzea eragozten duen edozein geldialdi, aparkatze edo elementu debekatuta egonen da. Lizentziak urte bateko iraupena du, baina, aldaketarik eskatzen ez bada, lizentzia urtero automatikoki berrituko da. Lizentzia eskatzeko azken eguna abenduaren 31 izanen da.

Eskaera presentzialki egin daiteke, herriko etxera joan eta formularioa entregatuz edo Lesakako Udalaren www.lesaka.eus webgunean formularioa betez.

Lesakako Udalak gogorarazi nahi du pasabide lizentzia eskatu gabe baldin badago, udalak garajeen aitzineko espazio publiko hori bere beharretarako erabili ahal duela. Horregatik, garrantzitsua da espazio hori erabili behar bada, dagokion lizentzia eskatzea.

Plakaren eredua

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun