[ARGAZKIAK] Mikel Zabalza gogoan izan dute Endarlatsan

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 9a

Mikel Zabalza hil zutenetik 40 urte pasatu direla oroituz, atzo ekitaldia egin zuten Endarlatsan, Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaira bota zuten tokian. Zabalzari eta Euskal Herriko torturatu guziei omenaldia egin nahi izan zieten. 

Bortzirietako herri ekimenak antolatuta egin zuten ekitaldia, eta Zabalzaren senideekin batera, Bortzirietako udal ordezkariek eta herritar aunitzek parte hartu zuten. Nahia Senperrek egin zituen aurkezle lanak, eta Iñaki Egaña historialariak kasuari buruzko azalpenak eman zituen. Bertzeak bertze, Zabalza hil zutenek izan duten «inpunitatea» salatu zuen Egañak, baita bere burua Bidasora botaz eskapu egin zuela zioen bertsio ofiziala «gezurtatzeko» hainbat esplikazio eman ere. Ondotik, Gaizka Sarasolaren doinuak lagun, udal ordezkariek eta herritarrek lore eskaintza egin zuten Mikelen argazkiaren inguruan. 

Autobus ibiltaria

Mikel Zabalzaren auziari buruzko autobus ibiltaria Bortzirietan da. Atzo Lesakan egin zuen geldialdia, eta gaur eta bihar Beran izanen da. Beran, bi egunetan, Iamoteneko aparkalekuan egonen da, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun