[ARGAZKIAK] Fermin Muguruzak piztu du IrriSarri Landeko txondorra

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 9a

IrriSarri Landeko ohiko txondorraren piztea arrakastatsua izan da aurten ere. Abenduaren 6an, larunbatean, Ikaztegian ospatutako ekitaldian, aurten Fermin Muguruza musikari, sortzaile eta zinemagileak izan du piztearen ardura, eta momentu hunkigarria bizi izan zen bertaratuko jendetzaren artean. Ekitaldia Zubietako Joaldunen erritmoarekin abiatu zen, euren soinuek txondorra “garbitu” eta babestu zuten bitartean. Ondotik, Goizuetako txondorgileek Zahagi dantza eskaini zuten, eta giroa are bereziago bihurtu zuten Sergio Muñoz biolin jotzailearen eta Gorka Zabaleta kantautorearen emanaldiek.

12.000 kilo egur, astebetean egindako lan ikusgarria

Aurten ere, inguruko basoetatik bildutako 12.000 kilo egur erabili dira txondorra sortzeko. Karlos Sein eta Etxahun Azkarraga ikazkinek astebeteko lanari esker eraiki dute egitura, eta piztu ondotik IrriSarri Landeko boluntarioek zainduko dute etengabe. Aurreikuspenen arabera, 5.000 kilo ikatz inguru lortuko dira urtea bukatu baino lehen. Txondorra eta ikaztegia abendu osoan bisitatzeko aukera izanen da. 



Fermin Muguruza: euskal kulturaren ikur bati omenaldia

Ekitaldiko unerik bereziena Muguruzaren esku txondorra piztu denekoa izan da. Kortatu, Negu Gorriak, Dut edota Brigadistak Sound System bezalako taldeetan egindako lanetik hasi eta Black is Beltza filmak zuzendu arte, Muguruzaren ibilbideak oihartzun handia du. Aurkezleak elkarrizketa labur bat egin dio, bere sormen-bidaiaz eta euskararen aldeko konpromisoaz hitz egiteko. Muguruzak gogoratu zuenez, «1984an hasi nintzen musika egiten, Kortatu taldearekin eta, urte berean, Montxo Armendarizek Tasio filma zuzendu zuen, ikazkin baten historia».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun