«Gustuko dudan horretatik bizi nahiko nuke, ilusioa galdu gabe»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 7a

Unax Etxarte Leiza.

Unax ETXARTE LEIZA Etxalarko gaztea.

Etxalarko hemeretzi urteko gaztea da Unax Etxarte Leiza. Duela urte batzuk, herriko bi gazteren eskutik ikus-entzunezkoen mundua ezagutu eta geroztik, argazki eta bideo kamera bizkarrean hartuta dabil batetik bertzera.

Amets egiten hasita ere, ez ditu aparte uzten: «hobby dudan hori lan bihurtzea nahiko nuke. Ilusioa galdu gabe, gustuko dudan horretatik bizitzeko aukera izatea». Eta ametsak airean utzi beharrean, egia bihurtzeko ahaleginetan ari da Etxarte: «Goi mailako ziklo bat egiten ari naiz, ikus-entzunezko komunikazioko graduan sartu ahal izateko».

«Ikus-entzunezko mundua gustuko dut»

Bere afizioen inguruan galdetutakoan, «mendia, kontzertuak, besta, bidaiatzea, argazkilaritza eta bideogintza» aipatu ditu. Eta aitortu du azkeneko biei lotuta daudela bertzeak: «Mendiari dagokionean, azken urteetako kontua izan da, argazkiak ateratzeko asmoarekin joaten nintzen eta orain aisialdi moduan hartzen dut». Musikarekiko harremana,  berriz, etxetik omen datorkio, «eta hortik kontzertuetara joateko afizioa». 

Herriko bestak ailegatzen direnean ere ez du bideo kamera etxean uzten: «Etxalarko bestetako laburpen bideoa egiten dut. Aurten nire laugarren bideoa argitaratu berri dut». Ez hori bakarrik, ETX proiektua ere jarri du martxan: «kamera eskuan hartuta bizipen berriak bizitzea dut helburu».  Argi du: «proiektu honekin edozein aukerari ateak zabaltzen dizkiot, probatuz jakiten baita zerbait gustuko duzun ala ez». 

«Probatuz jakiten da zerbait gustuko duzun ala ez»

Momentuz, izan duen harrerarekin hagitz kontent dagoela dio: «2024ko Bortzeguna, Sunbillako Mendi Duatloia, Goizuetako BTTa eta Etxalarko XV. Usategietara Igoerarentzako hainbat lan egin ditut... Egindakoarekin hagitz kontent nago eta aukerak iristen jarraitzea espero dut». 

Ikuspegi berezia

Egindako lanek ikuspegi berri bat eman diote: «Kameratik begiratuta errealitatea %100 aldatzen da». Adibidea eman du: «Niri ez zaizkit kotxeak sobera gustatzen baina, Etxalarko Usategietako Igoerarako lanean ibili nintzenean, eguna bertze modu batera bizitzeko aukera izan nuen».

Argazkilaritza eta bideogintza, biak ditu maite: «bakoitza mundu desberdin bat da. Mentalitate aldetik argazkilaritzak, agian, nondik atera, zer agertzea nahi dugun, zer ez… galderak suposatuko dizkigu... Bideogintzan horiez gain audioa, mugimendua eta bertze hainbat faktore kontuan izan behar dira».

Argazki eta bideo mordoxka ditu eginak eta tartean badira batzuk bereziki gogoan dituenak: «Sunbillako Mendi Duatloieko bat eta Goizuetako BTTkoa bertzea, inoiz ahaztuko ez ditudan egunak izan ziren. Herritik argazkiak ateratzera bakarrik atera nintzen lehenengo aldiak ziren. Urduritasunak, kezkak, beldurrak… Baina hara iritsi, martxa hartu eta emandako konfiantza, sortu zen giroa… Egun borobilak izan ziren».

Etorkizunaz galdetuta, dio ez diola deusi aterik itxi nahi: «gaur egungo bizimoduak duen abiadura honetan presio pixka bat sentitzen da bide egokia aukeratzeko». Berak momentuz, egina du hautua eta argazki eta bideo kameren gibeletik segiko du munduari begiratzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun