Eguberrien atarian, adin ttikikoei mugikor propioa oparitzeak dituen arriskuez ohartarazi dute Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek eta Gotti Burua guraso mugimenduak

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 4a

Adin ttikikoei mugikor propioa ematearen aukera ahalik eta gehien gibelatzeko eta erabilera arduratsua eta osasuntsua sustatzeko helburuarekin, elkarlanean segitzen dute Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateka eta Gotti Burua Bortzirietako guraso mugimenduak. 

Hain zuzen, Eguberrien atarian, opariak egiteko edo erosteko sasoia izanda, «zer oparitu nahi den pentsatzeko» deia egin dute, «opariak baldintzarik gabeko artikuluak baitira».

Gaiaz hausnartzeko gonbita egitearekin batera, hainbat baliabideren berri eman dute. Alde batetik, «gurasoen artean sentsibilizazioa, heziketa estrategiak aberastu eta hausnarketa sustatzeko, 'familiarteko paktuen' edo 'familia barreneko erabilera kontratuak' bezalako estrategiak erabiltzea» proposatu dute. Horrekin batera, orientatzeko Doitu gida kontsultatzeko edo www.almna.org edo www.bortziriakgz.eus webguneak bisitatzeko gonbita egin dute.

Bertzetik, abenduaren 16an Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuak hitzaldia antolatu duela oroitarazi dute: Ziber-indarkeria matxistak eta horiei aurre egiteko estrategiak solasaldia Berako Beralandetan izanen da, 18:00etan.

Bidenabar, «mugikorrekin seme-alabak hezteko ardura gurasoena» dela azpimarratu dute. Hala, honela gaineratu dute: «Mugikor propio bat adin ttikiko bati oparitu aitzinetik, ongi pentsatu. Eman ondoko erabilera, baldintzak, mugak, lanketa,… nolakoak egitea aurreikusten duzu?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun