Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarekin, azken hilabeteotan hainbat lan egin ditu Arantzako Udalak. Lan horietako batzuk aziendentzako azpiegiturak hobetzeko helburuarekin egin ditu, eta bertze lanak herriko lurretan.
Aziendentzako azpiegiturei dagokienez, Sastrenborda eta Argatsoro aldean, mendiko iturburuak, askak eta hodiak moldatu ditu Arantzako Udalak. Horrekin batera, Bulatxikiko aziendak biltzeko itxitura edo manga zaharra bota eta berria egin du, eta aziendak mendietan mantentzeko pasabide kanadar berriak egin ditu Goienburun eta Aranibarren.
Dirulaguntza deialdi horren barrenean, pistak ere moldatu ditu: konparazio batera, Bulatxikitik Zepurura doan mendiko pista, eta Azkilarrean, Txaneko borda parean eta Arruneko bordara ailegatu aitzinetik hondatutako hormigoizko pista zatiak.
Bertzalde, gobernuaren bertze dirulaguntza deialdi batekin, herri lurretan lanak ere egin ditu udalak, tartean, landaketak, lehendik egindako plantazioetan garbiketak eta pistak moldatu. Konparazio batera, Gainsenberro borda inguruan, 1.790 taeda pinu eta 199 ametza landatu ditu. Ametxoko eta Apittako parajeetan, berriz, 2022an eta 2023an egindako landaketetan idorteengatik sortutako hutsuneetan berriz landatu ditu zedro japoniarra, atlaseko zedroa eta taeda pinua.
Plantazioetan garbiketak ere egin ditu, bertzeak bertze, Bulatxiki, Unanu, Zerrado, Ametxoko-Apitta eta Gainseberroko borda aldean; zehazki, haritzak, gaztainak, zedroak, taeda pinuak eta ametzak dauden plantazioetan. Pisten kasuan, berriz, Zerradotik Itsaszelaietara doan pista ere konpondu du.