Larunbat arratsaldean Fermin Muguruzak biztuko du IrriSarri Landeko txondorra

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 4a

Asteburu honetan, hamabigarren aldiz biztuko dute txondorra IrriSarri Landen, eta aldi honetan, Fermin Muguruzak izanen du bizteko ardura. 

«Euskal kulturaren, musikaren eta zinemaren erreferente handia» delako gonbidatu dute Fermin Muguruza IrriSarri Landera. Ekitaldia larunbat honetan, abenduaren 6an, 17:30ean eginen dute.

Sarrera debalde izanen da, eta ekitaldiari hasiera emateko bertan izanen dira Zubietako joaldunak. Aurten, gainera, Goizuetako txondorgileek ere parte hartuko dute eta Zahagi dantza eginen dute. Musikak ere ez du hutsik eginen: Sergio Muñoz biolin jotzailea eta Gorka Zabaleta kantautorea larunbat arratsaldean IrriSarri Landen ariko dira.

12.000 kilo egur

Txondorra eraikitzeko, aurten 12.000 kilo egur erabili dituzte, eta inguruko oihanetatik hartu dituzte. Karlos Sein eta Etxahun Azkarraga ikazkinek aste batez prestatu dute txondorraren egitura. Larunbatetik aitzinera, IrriSarri Landeko boluntarioek zainduko dute txondorra, eta urte hondarrerako 5.000 kilo ikatz inguru lortzea espero dute. 

Txondorra eta ikaztegia abendu osoan bisitatzeko aukera izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun