«40 urteren ondotik Mikel Zabalzak herritarren memorian segitzen du»

Ttipi-Ttapa 2025eko abenduaren 3a

Ainara Fresneda Etxeberria, Mikel Zabalza oroituz Bortzirietan prestatu duten egitarauaren kartela eskuetan duela.

Ainara FRESNEDA ETXEBERRIA I Mikel Zabalza 40 urte gogoan plataformako, Euskal Herriko Torturatuen Sareko eta Egiari Zor Fundazioko kidea.

Aurten, Mikel Zabalza hil zutenetik 40 urte beteko direla eta, kasuan mugarri izan ziren tokiak bisitatuz, autobus ibiltaria martxan da. Abenduaren 8tik 10era Lesakan eta Beran izanen da.

Hemen ez dago gidaria. Non dago? Halaxe zioen orain dela 40 urte autobus batetik zintzilika paratu zuten pankartak. Mikel Zabalza Garateren lankideek Donostian atera zuten autobusa, Zabalzari gertatutakoa salatzeko. Guardia zibilek 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuten, bertze hiru lagunekin (Manuel Bizkai, Idoia Aierbe eta Ion Arretxe), eta Zabalzaren sorterrian, Orbaitzetan, bere bertze bi anaia atxilotu zituzten. Denek torturak salatu zituzten. Handik zortzi egunera, libre utzi zituzten, baina Mikel ez zen agertu. Guardia Zibilaren arabera, eskapo egin zuen Bidasoa ibaian, Endarlatsa aldean. Gurutze Gorriak goitik beheiti miatu zuen ingurua, baina ez zuten topatu. Abenduaren 15ean agertu zen gorpua.

Ba, aurten, Zabalza atxilotu, torturatu eta hil zutenetik 40 urte beteko direla oroituz, Orbaitzeta eta Donostia lotuz, eta bidean, kasuan mugarri izan ziren tokiak bisitatuz, autobus bira antolatu dute, barrenean erakusketarekin. Abenduaren 8tik 10era autobusa Bortzirietan izanen da. Horretaz aritu da Ainara Fresneda Etxeberria lesakarra. 

Zabalzaren kasuaren 40. urtemuga gogoan, zerbait berezia egin nahi izan duzue... 

Aurtengo azaroaren 26an 40 urte bete dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Garate atxilotu, torturatu eta hil zuenetik. Data seinalatua izanik, urte hasieran elkarlanean hasi ginen. Mikeli gertatu zitzaionak mobilizazio sozial eta politiko erraldoia eragin zuen Euskal Herrian, manifestazio jendetsua eta greba orokorra tartean. Desagertua egon zen hogei egunetan egindako protestetako bat bere lankideek autobusaren bitartez egindakoa izan zen. Hemen ez dago gidaria. Non dago? zioen pankarta autobusetik zintzilika paratu eta udaletxeraino eraman zuten. Ba protesta ikoniko hura gurera ekartzea egokia iruditu zitzaigun eta forma ematen hasi ginen. Mikelen familiak, Aezkoa, Altza eta Bortzirietako herri ekimenek, Mikelen lankideak ziren Dbuseko gidariek, Euskal Herriko Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioko kideek osatutako lantaldea gara. 

«Bi helburu nagusitu ditugu: 40 urte hauetako borrokari eta herri memoriari balioa ematea eta egia osoa eta erantzukizunaren aldarria»

Zein da helburua? 

Bi helburu nagusi ditugu. Alde batetik, 40 urte hauetako borrokari eta herri memoriari balioa eman nahi diogu. Aitzinera begira, gertatutakoa ahantzi ez dadin, eta berriz ez errepikatzeko bermeak paratzeko lanean segituko dugu. Bertze helburu nagusia egia osoa eta erantzukizunaren aldarria izanen litzateke. Zentzu horretan, egia, justizia eta erreparazioaren bidea trabarik gabe egin ahal izateko, galdera guziei erantzuteko konpromisoak hartzea beharrezkoa dela uste dugu; bai Mikelen kasuan, bai Euskal Herrian tortura sufritu duten milaka herritarren kasuan. 

Zabalza atxilotu zuten egunarekin hasi da autobus bira, eta Bidasoa ibaian agerrarazi zuten egunera bitarte iraunen du. Esplikatu... 

Egitasmoaren ardatza autobusa izanen zela erabaki genuenean, ibiltaria izanen zela zehaztu, eta Mikelen kasuan mugarri diren tokiak lotzen hasi ginen. Desagertua egon zen hogei egunak gurera ekarri nahi izan ditugu, eta autobus ibiltariak hogei egunez leku aunitz bisitatuko ditu. Azaroaren 26an Intxaurrondoko kuartel aitzinetik abiatu zen, eta azaroaren 28ra arte Donostiako Bulebarrean egon zen. Handik Orbaitzetako Olara ailegatu zen, Mikelen sortetxe aitzinera, eta han, urtero bertan egiten den oroimen eta memoriaren ekitaldia egin zen. Garralda, Aurizberri, Auritz, Agoitz, Iruñea, Lesaka, Bera eta Altzan geldialdia egin ondotik, Donostiako Bulebarrean emanen diogu bukaera abenduaren 14an.

Asteburuan Orbaizetan omenaldia egin zioten Zabalzari. 

Nolakoa da erakusketa? 

Memoriaren haria izenburupean, material interpretatuez osatutako ikus-entzunezko erakusketa da. 40 urte hauetako irudiak ditu, ondoan laburpentxo eta QR batekin. QRaren bidez, irudien interpretazioetara eta testigantzetara sartzen ahal da. Testigantzen artean, Mikelen familiakoak, alkateren bat, abokatua eta herritarrak ageri dira, tartean, Jose Emilio Txoperena Txoltxan lesakarra.   

Mikel Zabalza gogoan egitasmoa aurkezteko Donostian egindako agerraldia. 

Abenduaren 14an ekitaldi nagusia Donostian... 

Bai, hori da. Ekitaldi nagusia Donostiako Bulebarrean izanen da, 12:30ean. Autobusari harrera jendetsua egin nahi diogu eta Euskal Herriko gizarteari joateko deia egin nahi diogu. 

«Inpunitatea izateko egitura oso baten parte ziren haien helburua herri honek gertatu zena ahanztea izan da, baina Mikelek herritarren memorian segitzen du»

Mikel Zabalzak herritarren memorian segitzen du? 

Bai, Mikelek herritarren memorian segitzen du. Ikusi bertzerik ez zenbat ekitaldi egin diren gertatu zena oroitzeko. Eskualdean, Beran, joan den urtean lehenbiziko aldiz, ekitaldia egin zuten, eta urtero egitekoa dute. Edozein moduz, erran behar da inpunitatea izateko egitura oso baten parte ziren haien helburua herri honek gertatu zena ahanztea izan dela. Horregatik da hain garrantzitsua gertatu zena oroitzea; horregatik, eta horrelakorik ez gertatzeko bermeetako bat hurrengo belaunaldiek zer gertatu zen jakitea ere badelako.  

Instituzioek estatuaren biktima gisa aitortu dute Zabalza, 2022an Eusko Jaurlaritzak eta 2024an Nafarroako Gobernuak. Zer diozu? 

Aitortza instituzional horiei dagokienez, pauso garrantzitsuak eman dira azken urteotan. Halere, aitortza instituzional horiek ez dute egia osoa azaleratu, eta torturaren gaineko inpunitatea agerian uzten du.

Hortaz, kontakizun osoa azaleratzeko galdera aunitz airean daude... 

Bai. Mikel estatuaren biktima bezala aitortu dute, baina 40 urteren ondotik, egia osoa ez dugu ezagutzen. Herri honek badaki zer gertatu zen, baina aitortu behar zutenek ez dute aitortu: non, nork, nola... Hamarkadatan iraun duen justizia falta eta erantzukizuna zutenen ahotik ukazioa bertzerik ez dugu izan. Non gelditzen da egia osoa jakiteko eta erreparaziorako eskubidea? Kulpadunek inpunitate osoa izan dute. Egitura oso bat paratu zuten martxan egin zutena tapatzeko, eta horren ondorioz, inork ez du ardurarik hartu, ez da zigorrik eta erantzukizunik izan. Estatuko segurtasun indarretatik haratago, hori horrela izan zedin, ezinbertzeko tresnak izan dira inkomunikazioa, epaileak, hainbat indar politiko, forentseak, hedabide batzuen konplizitatea eta sekretu ofizialen legea. 

«Herri honek badaki zer gertatu zen, baina aitortu behar zutenek ez dute aitortu»

Euskal Herriko Torturatuen Sarean ere ari zara. Zer bide egin duzue? 

Euskal Herriko Torturatuen Sarea otsailean Donostiako Kursaalean aurkeztu genuen. 900 torturatu baino gehiago bildu ginen. Nafarroako esperientzia oinarri hartuta, nazio mailako egitasmoa abiatu genuen. Sareak lau helburu nagusi ditu. Batetik, torturatuak saretzea. 1960tik 2014rako tortura kasu guziak saretu nahi ditugu, ahalik eta torturatu gehienengana ailegatuz. Datuak nahi ditugu, tortura kasuak ahalik eta zehatzen. Bertzetik, aitortza kolektiboaren bidea urratu nahi dugu. Bi aitortza lege ditugu horretarako, bata Nafarroan eta bertzea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Legeen bitartez, tortura ofizialki aitortzea nahi dugu. Nafarroako legea 2027ra arte izanen da irekia eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa itxia badago ere, berriz irekitzea espero dugu. Aitortza indibidual horien baturak argazki kolektibo indartsua lortzen ahal du. Hirugarrenik, zaintzaren garrantzia azpimarratu nahi dugu. Sarearen parte izateak babesa dakar, elkar entenditzen dugulako. Sarekideak behar duen laguntza ematen saiatzen gara. Eta laugarren helburua kontakizunean eragitea da. Uste dugu torturaren benetako dimentsioa ez dela ezagutarazi, eta guk gure kontakizuna egin nahi dugu. 

Torturaren errealitatea argitaratzeko oraindik aunitz falta da?

Bai, oraindik aunitz dago egiteko, nahiz eta azken urteotan aitzinera pausoak eman diren. Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikerketa mugarria izan da. Txosten horren bidez, 6.000 tortura kasu mahai gaineratu dira, nahiz eta badakigun torturaren errealitatea aunitz handiagoa dela. Beraiek ere aitortu dute ikerketa hori bukatu gabea dela, eta gu ere horretaz ohartzen ari gara karpetak bildu ahala, inon ageri ez ziren tortura kasuen berri izaten ari baikara. Legeen bitartez ere aitortzak biltzen ari gara eta horrek bertze maila batean paratzen gaitu, berebiziko garrantzia du guretzat. Aitortza horiek gibelera bueltarik ez duen errealitate bat mahai gaineratu dute: egiarako, erreparaziorako, justiziarako eta memoria osorako bidea eta berriz ez errepikatzeko bermea. Oinarriak paratzen ari dira, baina oraindik torturaren dimentsioa noraino ailegatzen den ez dakigu. Torturek ondorio fisikoak, psikologikoak, sozialak, kulturala, politikoak... utzi dituzte. Erantzuleek ardura aunitz dituzte.

Urte aunitzetan isilean eduki den gaia izan da. Aldatzen ari da? 

Bai, hala da. Hamarkada aunitzetan izan dugun negazionismoaren harresia zartatzen hasia da. Gorde ezin den errealitate bat da gaur egun tortura Nafarroan. Tortura sistematikoa izan dela erranez, publikoki ere adierazpenak izan ditugu. Halere, bide luzea dugu oraindik. 

Zer eskatuko zenieke instituzioei? 

Aitortzarako bidean, konprometitzeko, torturatuei bide hori errazteko. Eta horrez gain, erantzukizunak. Modu ofizialean instituzioen aitortzak hartzen ari bagara ere, gobernuetako buruek publikoki euren gain izan duten ardura eta erantzukizuna hartzea beharrezkoa da.

Autobus ibiltariak abenduaren 8tik 10era Lesakan eta Beran eginen du geldialdia

  • Autobus ibiltaria abenduaren 8an Lesakara ailegatuko da, eta Plaza Zaharreko aparkalekuan izanen da, 12:00etatik 19:00etara.
  • Abenduaren 9an eta 10ean, berriz, Beran, Iamoteneko aparkalekuan egonen da, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
  • Horrez gain, abenduaren 8an, Iñaki Egañarekin, memoriaren martxa eginen dute. Zalaingo industrialdeko frontoitik 10:15ean abiatuta, oinez edo bizikletaz, Endarlatsa aldera joanen dira, eta 11:00etan, ekitaldia eginen dute Endarlatsako tunelean, «Guardia Zibilak Mikelen gorpua Bidasora bota zuen lekuan».
  • Abenduaren 12an, Non dago Mikel? dokumentala eta solasaldia izanen dira Berako Espidobaita elkartean, 19:00etan.

Herritarrei joateko gonbita egin diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun