Pinpilinpauxa horiak
Mugako ostatua da Pinpilinpauxen Benta, eta Maritxu bertako nagusi eta langulea. Sua biztu da inguruko mendi eta basoetan, eta suak inguratu du ostatua. Bertara doan errepidea zein gainerako bide guziak moztuta daude. Komunikabide guziak ere erori dira. Isolaturik geratu dira, Maritxu bezala, bertan dauden bezero guziak ere. Zazpi tximeleta etxaldean preso. Horietariko bakoitzak, bere alderik ederrena erakutsi nahi izanagatik ere, iraganeko har bat darama berarekin. Beraien arteko mesfidantzak areagotu baino ez denean egiten, nor bere kapuluan sentitzen da seguruen.
Axut-Artedrama taldearen 'Nor naizen baneki' igandean
Abenduaren 7an, Axut-Artedrama antzerki taldeak Nor naizen baneki antzezlana eskainiko du, igandean 19:00etan Harriondoan. Sarrerak aitzinetik salgai izanen dira Xagun, Telletxean eta Lesakako Udalaren webgunean (10 euro).
Nor naizen baneki… Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe? Nola jakin, zinez, zarena zarela? Gurasoen ispuluan? Seme-alabenean? Aztarnei esker? Nola jakin nor zaren, ingurune aldakor batean etengabe aldatzen dena bazara? Ez ote da antzerkia barne indusketarako tresnarik onena?
Abenduaren 12an azkena
Abenduaren 12an izanen da aurtengo ziklo honetako azken emanaldia, ortziralean 20:00etan Arranon. Gilkitxaro antzerki taldeak Alperrak, tunanteak eta maleanteak taularatuko du.