Juan Errandonea Altzuguren (Bera, 1917-1966) hizkuntza aunitz zekizkien beratar jakintsua izan zen. Guztira hamazazpi hizkuntza menderatzen zituen: euskara, gaztelera, latinera, frantsesa, ingelesa, alemana, italiera, errusiera, turkiera, grekoa, hebraiera, arabiera, sumeriera, hititera, akadiera, kaldeera eta babiloniera. Hain zuzen, sumerierako katedraduna izan zen Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta 11 urtez ikasi zuen Erromako Institutu Babiloniarrean. Euskara Mesopotamiako hizkuntzekin lotzen zuen teoria bat ere garatu zuen eta Bibliaren inguruko ikasketa paregabeak egin zituen. Edén y paraíso izan zen bere obra nabarmenena.
Jose Mari Zelaieta Errandonea (Bera, 1949) izanen da hizlaria. Hain zuzen, Zigardiberea baserrian sortutakoa da Zelaieta, aspaldi Iruñean bizi bada ere. Bertan egin zituen magisteritza ikasketak Zelaietak, eta 40 urtez aritu da irakaskuntzan, maisu lanetan. Erretreta hartu ondotik, Nafarroako Artxibora joaten hasi zen genealogiaren eta sortetxearen inguruko berriak biltzera. Hala, Berako notarioen dokumentuak aztertzen hasi zen, eta hortik tiraka Bera herriarekin nahiz herritarrekin lotutako dokumentazio aunitz bildu du.
Solasaldia Beralandetan izanen da euskaraz eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Berako Udalak antolatu dute.