Inbertsio garrantzitsuenei dagokionez, Altzate karrikako ur sareak eta zoladura berritzeak 1.508.823 euroko aurrekontua izanen du, eta beranduenez urrira arte luzatuko dira. 596.812 euroko dirulaguntza izanen dute lan hauek. Labiaga ikastola eta Matzada artean lotunea egiteko ere diru partida bat gordea du udalak. Lan horien aurrekontuaren puska handiena aurten kontabilizatuko da, eta heldu den urtean 119.511 euroko diru partida bideratuko da horretara.
Zalaingo industriagunean ur saneamendu lanak egitea ere aurreikusi dute. Lanak bi fasetan eginen dituzte, eta lehen fasea egiteko 355.619 euroko inbertsioa aurreikusi dute. Horretarako ere dirulaguntza izanen dute; 231.152 eurokoa zehazki. Saneamenduarekin lotuta, Matzada karrikan uholde arriskua murrizten laguntzeko azpiegiturak hobetuko dituzte. Euri urak biltzeko hodi bat handituko dute 210.052 euroko inbertsioa eginez. Horretarako, 172.466 euroko laguntza izanen da.
Mugaz gaindiko bi proiektutan murgilduta dago udala: Larhun-E (135.8655 euro) eta Uramuga (85.057 euro). Larhungo proiektuan, gaur egun dauden eraikinak aprobetxatuz, topagune eta elkargune interpretatibo bat sortuko dute. Uramugan, berriz, uraren kudeaketa integrala hobetzeko azterketa eginen dute. Bi proiektuek %65eko dirulaguntza izanen dute. Mendi lanetarako eta abeltzaintzako azpiegiturak hobetzeko 163.933 euro bideratuko dituzte, eta 125.839 diru laguntza izanen dute.
Ohiko diru ekarpenak
Ohiko diru ekarpenak egiten segituko du udalak eta honako diru partidak bideratuko ditu: musika eskolari 226.633 euro, Sastrako kirol zerbitzu publikoei 120.000 euro eta Mukixu haur eskolari 260.000 euro. Kultur programaziorako 108.000 euro, bestetarako 85.000 euro eta kiroletarako partidak ere mantendu dituzte. Baserri bideak moldatzeko 40.000 euroko partida egokitu dute eta espaloiak moldatzeko eta irisgarritasuna hobetzeko 30.000 euro.
Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitate bakarra izanen da heldu den urtetik aitzinera eta atal bakoitzari honako partida bideratuko zaio: Hondakinak 32.069 euro, Euskara 157.730 euro, Gizartea 155.621 euro eta Berdintasuna 26.804 euro.
Udalak nabarmendu du, «ahalegin handia» egiten duela dirulaguntza lortzeko eta kudeatzeko. «Urtean hainbat gorabehera eta ezusteko izaten dira eta horrek baldintzatuko du hasierako plana».