Mairuan WhatsApp kanala probatzen hasiko dira Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 28a

Zako-Zahar berdearen misterioa argitu zuten ekainean Harriondoan Izaro Iparragirrek, Julia Artiedak eta Ekaitz Bertizek.

‘Non dago Zako-zahar Berdea?' proiektuaren barrenean, tokiko komertzioen erakusleiho izan nahi duen ‘Mairuan, WhatsApp kanalaren frogapena’ ekimena abiatuko dute abenduan.

Tokiko komertzioak eta zerbitzuak sustatzeko helburuarekin, Non dago Zako-zahar Berdea? lelopean, hiru proiektu pilotu gauzatu zituzten Lesakako Udala, Fundación Emplea eta herriko zein inguruko hiru gazte eta komertzioen artean. Orain, abenduan, WhatsApp kanalari jarraipena emanen zaio, egindako lanak erabilera errealera eramateko. Mairuan izeneko WhatsApp Business kanala tokiko zerbitzu eta komertzioen produktuentzako erakusleiho digitala izanen da, baita aholkularitzarako eta harremanetarako tresna ere.

 

WhatsApp kanalaren froga: erabilera erreala egiaztatzeko

Frogaren helburu nagusia kanalaren eguneroko erabilera erreala baloratzea izanen da, eta Lesakako hamar bat komertzio eta zerbitzuk hartuko dute parte. Helburua da WhatsApp kanala Bortzirietako edozein eroslerentzat erakusleiho erabilgarri bihurtzea.

 

WhatsApp kanalak izanen duen funtzionamenduaren oinarriak

  • Erabilera nagusia: kanala erakusleiho digital moduan erabiltzea, produktu eta zerbitzuak modu errazean erakusteko eta herritarren interesa pizteko.
  • Bi astez behin: komertzio edo zerbitzu bakoitzak bere “5 produktu izar” igoko ditu katalogo atalera.
  • Kontsultak: erabiltzaileek produktu edo zerbitzuei buruzko zalantzak izanez gero, kanalak komertzio bakoitzaren kontaktua eskainiko du zuzenean, erantzuna eta komunikazioa erraztuz.

Herritarrei gonbidapena luzatu zaie kanala erabiltzeko eta bertan argitaratuko diren produktuak ezagutzeko. Informazio guztia eta eguneraketak Zako-zahar Berdearen sare sozialetan ere segitu ahal izanen dituzte; «beraz, adi egon etorriko diren berrietara!».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun