Lesakako feria egunaren inguruko herri galdeketa igande honetan eginen dute

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 26a

Heldu den urtetik aitzinera Lesakako feria eguna ortzegunean edo ortziralean egin erabakiko dute lesakarrek igande honetan. Herriko Etxean izanen da bozketa, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Lesakako Udalak urriaren 30ean egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuen Lesakako Ferien egunaren inguruko herri galdeketa egitea. 2025eko martxoan onartutako parte hartze ordenantza oinarri bezala hartuta, herri galdeketa azaroaren 30ean, igande honetan, eginen da. Galdera bakarrari erantzun beharko diote Lesakan erroldatutako 16 urtetik goitiko herritarrek: Lesakako Feria eguna ortzegunean edo ortziralean egitea nahi duten. Bertan ateratako emaitzarekin erabakiko da 2026tik aitzinera noiz eginen den.

2026tik aitzinera feriak ortzegunean edo ortziralean egitea erabakiko dute hamasei urtetik goitiko lesakarrek

Lesakako Udalak herritar guztiak bozkatzera animatu nahi ditu, ahalik eta lesakar gehienen iritzia jaso ahal izateko, eta ordutegi zabala prestatu du horretarako, ahalik eta jende gehienak bere iritzia emateko. Honela, azaroaren 30ean, igandean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izanen da bozketa Lesakako herriko etxean. Botoa eman behar duen pertsona identifikatzeko Nortasun Agiria, NIE, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko da. Ezin izanen da posta bidez edo Internet bidez bozkatu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun