Heriotzak Eduardo du izena
Heriotzak Eduardo du izena esperimentu bat da, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartzen dituena, fisikoa eta birtuala denaren arteko mugak esploratu eta publikoaren eta eszenatokiaren arteko ohiko hesiak ezabatzen dituena. Mundu Poesia Kaierak jolas eszeniko bilakatu da. Poemek gai unibertsal eta sakonak lantzen dituzte, hala nola, bizitza eta heriotza, eztanda eta bakea, gelditasuna eta bibrazioa, isiltasuna eta kantua eta antzeko dualidadeak. Horiek proposamen dramaturgiko bilakatu dira, bizipen sentsorial bat eragiteko paisaia (edo pantaila) bat marraztuko da oholtzan, bideojoko batean bezala.
«Antzezlanak norabideak dira bertze espazioetarantz»
Mairu Antzerki Tailerrak dioenez, «gure oinekin ezin ditugulako nahi genituzkeen toki guziak zapaldu asmatzen ditugu gidoiak eta mugimenduak. Antzezlanak norabideak baitira bertze espazioetarantz. Eta abiatzen gara, bai aktore, bai teknikari, bai ikusle gisa, esperientzia bakoitzak dakarrena bizitzeko gogoz. Baina zer edo nor ote dago bidearen bukaeran? Badatoz aurten ere euskaraz sortutako lau antzezlan. Bakoitzak paisaia berriak deskubritzen eta galdera berriak egiten lagundu gaitzala bere keinu eta bere leihoekin. Sar dadila haize freskoa, eta ez ahantzi: uneoro, gu gara eta gutaz ari gara, borroka eder honetan inurrien gisara, etengabe».
Mairu Antzerki Tailerraren ikuskizun berria
Igandeko lehen emanaldi honen ondotik, abenduan bertze hiru antzezlan ikusgai izanen dira zikloaren barrenean, tartean, Mairu Antzerki tailerraren azken lana.
Abenduaren 6an, Mairu Antzerki Tailerraren ikuskizun berria, Pinpilinpauxa horiak, ikusgai izanen da, larunbatean 18:00etan Harriondoan. Gaizka Sarasolaren testuan oinarrituta, Mairuk zuzendutako lana da, Manex Fuchsen laguntzarekin. Ritxi Abril, Josune Etxepare, Itziar Telletxea, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi, Ainara Ribera eta Iban Garro dira antzezle. Sarrerak salgai paratuko dituzte aitzinetik Xagun eta Telletxean (10 euro).
Abenduaren 7an, Axut-Artedrama antzerki taldeak Nor naizen baneki antzezlana eskainiko du, igandean 19:00etan Harriondoan. Sarrerak aitzinetik salgai izanen dira Xagun, Telletxean eta Lesakako Udalaren webgunean (10 euro).
Abenduaren 12an izanen da aurtengo ziklo honetako azken emanaldia, ortziralean 20:00etan Arranon. Gilkitxaro antzerki taldeak Alperrak, tunanteak eta maleanteak taularatuko du.