Euskaraz jolasteko aukera izanen da Beran ortzegunean eta ortziralean

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 25a

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak 'Euskaraz Jolasean' erakusketa antolatu du azaroaren 27 eta 28rako udalarekin elkarlanean. Kultur Etxeko erakusketa gelan egonen da ikusgai, bi egunetan 16:30-19:00 bitartean.

Familia giroan joan daiteke erakusketara, guraso nahiz haurrak, eta bertan erakusgai egonen diren jolas eta jostailuak ikusi nahiz probatzen ahalko dira. Erakusketa, gainera, aproposa da hezkuntza arloko eragileentzat, irakasleentzat zein hezitzaileentzat.

Erakusketak 100 jolas eta jostailu inguru biltzen ditu, mota guzietakoak: jolas sinbolikoak, kooperatiboak, arau jolasak, logika jolasak, lehen jolasak, betiko jolasak eta hizkuntza lantzeko jolasak. Urteko nobedadeak ikus daitezke, baita betiko jolasak ere. 

Dindaia Fundazioko hezitzaileak egonen dira bertan, materialak erakusten eta jolasak eta jostailuak aukeratzeko zenbait irizpide azaltzen.

Transmisioa helburu

Antzolatzaileek zehaztu dutenez, jardueraren helburu nagusia «etxeko giroan euskararen transmisio egokia» sustatzea da: «Jolasaren oinarrian hizkuntza dago, kasu honetan euskara. Seme-alabekin jolastean euskara bitarteko eta helburu bihurtzen dugu. Familiartean jolasten sortzen den giroa berezia da eta horregatik garrantzitsua da jolas eta jostailuak egokiak izatea».

Asmo bikoitza du, beraz, proiektuak: Alde batetik gurasoak familiartean jolastearen garrantziaz jabetzea eta, bertzetik, horretarako erabiliko ditugun baliabideei (jolasak zein jostailuak) buruzko hausnarketa egitea.

Iaz Lesakan paratu zuten erakusketa ikusgai, tenore bertsuan. Guraso, haur eta herritar ugari hurbildu ziren erakusketara, eta balorazio aski positiboa egin zuten jardueraren inguruan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun