Bapeagailuen kontsumoak sortzen dituen kalteei buruz ohartarazi dute Bortzirietako Gizarte Zerbitzuek

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 20a

Gaur Lesakako feriak eta larunbatean Berako kinto bestak izanen dira, eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak oroitarazi duenez, «bi hitzorduetan besta egiteko aukera» izanen da. Horren harira, «azken aldian presentzia handia» hartzen ari den bapeagailuen inguruan informazioa zabaldu nahi izan dute gizarte zerbitzuek.

Bertzeak bertze, gazteengana eta nerabeengana ailegatzeko intentzioarekin, Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak garatu duen Bapeatzea ez da dirudiena kanpaina ekarri dute gogora gizarte zerbitzuek. Horren arabera, «zigarro elektronikoak likido bat berotzen duten gailuak dira, eta hori egitean, bapeatzean arnasten den aerosol bat sortzen dute. Aerosol horrek partikula ultrafinak ditu: nikotina, zapore-emaile toxikoak, substantzia kantzerigenoak eta metal astunak izaten ahal dituztenak, bertzeak bertze». Bide batez, bapeatzeak «kalterik ez duela sortzen pertzeptzio faltsua zabaldua» dela ere gaineratu dute, «neurri handi batean publizitate engainagarriengatik, gailuen diseinu erakargarriengatik, sortu dituzten zapore gozoengatik edo informazio interesatuagatik».

Gizarte zerbitzuek «eskualdeko helduak informatzeko eta sentsibilizatzeko» paratu dute mahai gainean kanpaina, «eurek direlako nerabe eta gazteen artean erabaki informatuak eta jokabide arduratsuak sustatzeko funtsezko eragile». Eta hala, kanpainaren inguruko xehetasunak eta edukiak biltzeko deia egin die helduei: «kanpainaren online edukietan haurrekin eta nerabeekin bapeatzeari buruz nola solastatu, erretzeari uzteko aholkuak edo familiako solasaldiak abiatzeko gomendioak aurkitzen ahal dira». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun