Hondakinen Prebentziorako Europa Astearen helburua herritarrak sortzen dituzten hondakinak murriztearen garrantziaz kontzientziatzea da. Azken bortz urteetan, Bortzirietan, helburu hori lortzetik urrun gelditu da, %5,64 hazi baita hondakinen kopurua. 2023an, 4.330 tona hondakin bildu zituzten denera, eta iaz, 4.574 tona.
Hondakin gehiago sortzeak hainbat ondorio izan dituela esplikatu du mankomunitateak: «Bere baliabideak handitu behar izan ditu mankomunitateak, langile berriak kontratatuz, eta kamioi eta edukiontzi gehiago erosiz».
2023tik 2024ra % 5,64 hazi da Bortzirietan bildutako hondakinen kopurua
Horrek herritarrengan ere eragina izan duela oroitarazi du: «Gastu handiagoa eragin dio mankomunitateari, eta horrek zuzenean eragiten du Bortzirietako herritarrei kobratzen zaien tasan». Horregatik, «hagitz garrantzitsua da egunerokoan sortzen den hondakin kopurua. Ingurumenaren kalitatea hobetzeaz gain poltsikoa urratsen jarraitzea saihestuko baitu».
Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barrenean, hainbat ekitaldi eginen dituzte Bortzirietan:
- Bisitak Garbigunera eta Garbigune Ttikietara ikasleekin: Bortzirietako ikastetxe guztiak gonbidatu dituzte Alkaiagako eta Arantza, Etxalar, Igantzi eta Lesakako Garbigune Ttikiak bisitatzera. Bisita horietan, Mankomunitateak bertan biltzen diren hondakinekin egiten duen kudeaketa azalduko zaie, eta bereziki azpimarratuko da hondakinen sorrera murriztea. Bisita bukatzean, kantinplora bat emanen zaie plastikozko botilen hondakinak sortzea saihesteko.
- Erosketa-saskian hondakinak murriztea: Erosketa iraunkorragoa sustatuko da, materiak berrerabilgarriak erabiliz, hala nola, tuperrak harategietan eta arrandegietan, edo poltsa berrerabilgarriak gainetako saltokietan.
- Eligakaien xahuketa murrizketa: Bortzirietako jatetxe guztiekin harremanetan paratu da mankomunitatea elikagaien xahuketa murriztearen garrantzia oroitarazteko. Gainera, tuper konpostagarriak banatu zaizkie, bezeroei soberakinak etxera eramateko aukera eskaintzeko.
Nafarroa mailako bertze bi kanpaina ere bai
Nafarroako Hondakinen Partzuergoak sustatutako bi kanpainatan ere partu hartuko du mankomunitateak. Alde batetik, Ni ez naiz ezkutatzen, gardena naiz kanpainaren barrenean, ostalaritza establezimendu denekin kanpaina bat eginen dute edukiontzi berdean botatzen diren hondakinak birziklatu ezin direnak bakarrik izan daitezen.
Bertzetik, Tamaina handiko hondakinen... ez izan gaizkilea kanpainan, tamaina handiko hondakinak behar bezala kudeatzearen garrantziaz ohartarazteko eta karrika botata ez uzteko kanpaina eginen dute Bortzirietako herri denetan.