Euskal Herriko III. Hika topaketa Lesakan izanen da, 2027an

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 19a

Leire Mitxelena, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria eta Uxue Royo, Lesakako Udaleko eta mankomunitateko ordezkaria, III. Hika Topaketako lekukoa hartzen.

Zirhika elkarteak, Badihardugu elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatu zuen Markina-Xemeinen joan den azaroaren 7an. Bi urtean behin egiten da, eta hurrengo topaketaren lekukoa bortziritarren esku uztea erabaki zuen: 2027ko Euskal Herriko Hika topaketa Lesakan izanen da. Markina-Xemeinera bertaratu ziren Bortzirietatik lekukoa hartzera Leire Mitxelena, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria, eta Uxue Royo, Lesakako udaleko eta euskara mankomunitateko ordezkaria.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak hartu zuen bi urtetik behin egiten den ekitaldiaren lekukoa azaroaren 7an Markinan

2027a urrun ikusten badugu ere, «gogo onez eta grinatsu» helduko dio Bortzirietako Euskara Mankomunitateak erronkari, eta hasiko dira Hika topaketaren antolaketari begira urratsak egiten. Mankomunitateak onartu berri du euskara biziberritzeko III. Plan Estrategikoa 2026-2031, eta hitanoaren biziberritzeari dagokionez, honako ekintza hauek aurreikusten dira Hika Topaketaren antolaketaz gain (bereziki 2027an gauzatzeko): hitanoaren inguruko formakuntza, hitanoaren erabilera sustatzeko jarduerak eta ekimenak antolatzea, eta Pello Apezetxea Zubiri ikerketa bekaren baitan hitanoaren biziberritzea berariazko ikerketa ildo gisa proposatzea.

Euskal Herriko Hika Topaketaren lekukoa Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen esku dago eta 2027an eginen da hirugarren edizioa Lesakan.

Heldu den urte akabailan 2027an Lesakako Hika Topaketa antolatzeko taldea sortuko dute eta bertan parte hartzeko gonbidapena zabalduko diete herritar eta eragileei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun