Lanen kostu osoa 967.406 eurokoa da, 631.537 euroko dirulaguntza izanen da eta udalak 345.657 euro ordainduko ditu
Albistur karrikan zoladura osoa berrituko da, eta euri uren, ur zikin eta horniduraren sareak eguneratuko dituzte. Sareak berritzearekin batera, azpiegituretan hobekuntza lanak ere eginen dituzte. Proiektuaren kostu osoa 967.406,25 eurokoa da eta 631.537,92 euroko dirulaguntza izanen du. Udalak, beraz, 345.657,57 euro hartuko ditu bere gain.
Obrek bortz hilabeteko iraupena izanen dute, abenduan hasita, eta haietatik lau hilabetetan, urtarriletik aitzinera, trafikoan eragina izanen dute. Era berean, obra honi esker, Albisturren espaloiak sortuko dituzte, herritarrek oinez lasai eta segurtasunez ibiltzeko aukera gehiago izan dezaten, herriko mugikortasunean aurrerapausoak emanez.
Aparkaleku alternatiboak
Obrek irauten duten bitartean, herritarrei aparkatzeko aukerak bermatzeko, Landazelaitan aparkaleku handi bat sortuko da. Mugikortasunari buruzko gomendioak ere eman zituzten aurkezpen saioan: herriko mugimenduak oinez edo bizikletaz egitea; autoa beharrezkoa denean soilik erabiltzea; Landazelaietako aparkalekua lehenestea eta eskola ibilbideak Hezkuntza Foroarekin koordinatuta lantzen jarraitzea.
Trafikoaren antolaketa berria
Autoentzako sarrera eta irteera Antoiu karrikatik eginen da, semaforo baten bidez. Ote, Arretxea, Zarandia eta Frain auzoko bizilagunek Elizagibela karrikatik atera beharko dute herritik obrek dirauten bitartean.
Proiektuaren planoak www.lesaka.eus helbidean egonen dira ikusgai datozen egunetan. Lesakako Udalak eskertu nahi du asteazkeneko aurkezpenean parte hartu zuten herritarren interesa eta parte hartzea. Udalak informazioa gardentasunez partekatzen segituko du, obraren bilakaeraren inguruko berriak emanez.