Lizitazioaren iragarkia dagoeneko argitaratua dago Nafarroako Gobernuko kontratazioen atarian, eta hamabortz eguneko epea ireki dute enpresa eraikitzaileek eskaintzak aurkezteko. Heldu den asteetan lehiaketa irabazten duen enpresa kontratatzea onartuko du osoko bilkurak, kontratua abenduaren 31 baino lehen sinatu eta obrak hasi ahal izateko.
Behin lanak hasita, udalak zehaztu du gehienez ere sei hilabeteko epean egin beharko direla, eta beraz, ekaina bukatu baino lehen bukatuak egon beharko dutela.
Luzatu den prozesua
Urria hasieran lortu zuen Berako Udalak Eztegara eta Matzada arteko saihesbidea egiteko beharrezko finantzazioa. Lan horien bidez, trafikoa Eztegaratik Matzada aldera bideratuko dute Toki Ona institutu gibelean zubi bat eginez eta Altzate karrikatik pasatzen den trafikoa arinduz.
Saihesbidea egitea nahi baino gehiago luzatzen ari den prozesua izaten ari da, eta horri buruzko azalpenak eman ditu udalak: «Kontratua ebazteko eta saihesbideko obrak egiteko, Nafarroako Gobernuak sinatu beharko du obra hori egiteko emandako 300.000 euroko dirulaguntza izenduna esleitzeko hitzarmena»
Hitzarmen hori «martxorako sinatua» egon behar zela nabarmendu du udalak, lanak udazkenerako bukatu zitezen: «Prozesua zailtasun burokratikoz beteta egon da Nafarroako Gobernuan, eta hori ezinezkoa izan da. Azkenik, EHBilduren ekimenez, Nafarroako Parlamentuan lortu zen urrian arazoa gainditzea, eta orain Lurralde Kohesiorako Departamentuko Kontu hartzailetza Zerbitzuaren oniritzia baino ez da falta proiektuaren finantzaketa bermatuko duen hitzarmen hori sinatzeko».
Proiektua atzeratuko duen eta «udalaren esku ez dagoen bertze ezustekorik» ez egotea espero dutela gaineratu du.