Ane Ordokik eta Miren Etxepetelekuk eskuratu dute Lesakako Udalaren ikasketa bukaerako proiektuetarako beka

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 11

Miren Etxepeteleku San Julian eta Ane Ordoki Telletxea, Ladis Satrustegi alkatearekin, lanen aurkezpenean.

Lesaka ikergai duten ikasketa bukaerako proiektuak egiteko diru laguntza eman du laugarren urtez Lesakako Udalak. Orain arteko deialdietan lan bakarrak hartua zuen beka, baina 2024-2025 ikasturterako bi izanen dira eta Ane Ordoki Telletxeak eta Miren Etxepeteleku San Julianek eramanen dute 500na euroko beka. Azaroaren 10ean, astelehen arratsaldean, egin zuten saritutako bi lanen aurkezpena Lesakako herriko etxean, Ladis Satrustegi alkatea lagun zutela.

EHUko Farmazia Fakultatean Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua ikasi duen Ane Ordokik Ikastetxeetako jantokian elikagaien xahuketa murrizteko planaren diseinua ikasturte amaierako lana aurkeztu zuen. Janarien xahuketa mundu mailako arazo handia dela gogoratu ondotik, Irain eskolako sukaldean eta jantokian bortz egunez egindako ikerketa oinarri hartuta, xahuketa hori ematen dela eta murrizteko plana proposatu zuen: beharrizan nutrizionalak zainduz menuen konbinazioa orekatzea, haurrei modu erakargarrian aurkeztea eta ogia eskaeraren arabera banatzea, «modu sistematikoan xahutzen delako» proposatzen du Ordokiren lanak. Hondakinak murrizteaz gain, kontzientzia piztu nahi duen lan honek garapen iraunkorreko helburuarekin bat egiten duela azpimarratu zuen, «goserik ez, ekoizpen eta kontsumo arduratsua eta klimaren aldeko ekintzak».

Ane Ordoki Telletxea, Lesakako udalaren beka hartu duen bere ikasketa bukaerako lana aurkezten.

Haur Hezkuntzako gradua bukatu duen Miren Etxepepetelekuk, bere aldetik, Haurra herritarra da izenburupean, Lesakako 5 urteko haurren (2019an sortutakoak) parte-hartzearen azterketa eta lanketa proposamena egin du ikasketa bukaerarako. Galdetegi batzuk prestatu eta Irain eskolan eta Tantirumairu ikastolan ikasten duten adin horretako 17 haurretatik 11 familiaren erantzunak hartu zituen Etxepetelekuk eta beraien tutoreekin eta zuzendariekin eta alkatearekin ere bildu zen. Bortz urteko haurrekin egiteko dinamika batzuk sortu zituen eta, kasu honetan, «eskolaratutako 17 ikasleetatik 15ek hartu zuten parte, bi falta zirelako». Etxepetelekuren helburu nagusia, «herriko ekintzetan nola parte harten duten identifikatzea eta parte-hartze hori bultzatzeko edo sustatzeko proposamena egitea» izan da. «Parte hartzeko mila modu daude, eta haurrak ttikitatik parte hartze horretan hezten baditugu, bizitza osoan beraien iritzia emateko erraztasun gehiago izanen dute», aipatu du aurkezpenean.

Miren Etxepeteleku San Julian, 'Haurra herritarra da' lana aurkezten.

Ladis Satrustegi alkateak aipatu zuenez, «beka honen helburuak, lanak laguntzen garatzea, kanpoan ikasita ere Lesakarekin atxikimendua sustatzea eta udalak interesa izan dezakeen lanei buruzko informazioa hartzea eta etorkizunerako elkarlan posible bat abiatzea dira». Alde horretatik, 2025-26 ikasturterako beka deialdia ere eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun