Martxanpantaraino bidea egiterakoan Biurrana auzora argiteria publikoa eramateko aprobetxatu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 5a

Martxanpaitarako bizikleta eta oinezko bidea egiterakoan auzora argiteria publikoa sartzeko ere probestu dute.

Lesakako Udalak mugikortasun politiketan aitzinera pausoak ematen segitzen du, oinezkoen eta bizikletaren aldeko apustua eginez. Azaroaren 6an, ortzegunean, irekiko da Eltzeta karrika eta Martxanpaita auzoa elkartzen duen bidea.

Azaroaren 6an, ortzegunean, irekiko dute bizikleta eta oinezkoentzako bidea eta obra guztiaren kostua 213.352 eurokoa izan da

Modu honetara, Bidasoko bide berdea eta Martxanpainta auzoa elkartzen dituen lau kilometro eta erdiko bidea izanen du Lesakak, bizikleta eta oinezkoentzako segurua eta atsegina, Biurrana eta Onin errekaren ondotik joanen dena.

Obra honen bitartez, Biurrana auzora argiteria publikoa eramateko aprobetxatu dute, bizilagunek aspalditik eskatzen zuten oinarrizko zerbitzua eskainiz. Lan hauek hurrengo urtean bukatuko dituzte.

Obra guztiaren kostua 213.352,26 eurokoa da, baina Lesakako Udalak 165.826,46 euroko dirulaguntza lortu du Nafarroako Gobernutik, proiektua gauzatzeko laguntza garrantzitsua izanen dena.

Lesakako Udalak eskerrak eman nahi dizkio Arcelor Mittal enpresari, proiektu hau gauzatzeko lurrak uzteagatik. Horrelako proiektuen bitartez, Lesakako Udalak herritarrak animatu nahi ditu herriko joan-etorriak oinez edo bizikletaz egitera, kotxea beharrezkoa denean soilik erabiliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun