Udalak nabarmendu du, gero eta hedadura handiagoko sasi eta otearen inbasioak zaildu egiten duela pistetara eta bidezidorretara sartzea eta horiek garbitzea garrantzitsua dela sute arriskua murrizteko. «Gogoan izan behar dugu 2021ean piztutako suak 1.400 hektarea inguru kiskali zituela Beran, Lesakan, Urruñan, Biriatun eta Irunen».
Berako Bideak Garbi proiektuaren barnean egin dute erosketa. Proiektua Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak kudeatutako 7119.01 Nafarroako PEPACen eta Tokiko Garapen Parte Hartzailea 2023-2027 laguntzaren esparruan gauzatu da.
Makinerian 111.320 euroko inbertsioa egin du udalak eta horietatik 60.000 euro Cederna Garalur elkartearen dirulaguntza baten bidez ordaindu dituzte. Dirulaguntza hori Europar Batasuneko Landa Garapenerako Funtsak (LGENF) % 45ean eta Nafarroako Gobernuak % 55ean aldi berean finantzatu dute.