Lesakako bi denda bisitatu ditu Mikel Irujo kontseilariak eta Bortzirietako Geroa Baik Lorpen enpresari emandako dirulaguntza balioetsi du

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 5a

Mikel Irujo kontseilaria, Pablo Ezkurra, Ione Fagoaga eta Lesakako Eroskiko arduradunarekin.

Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak, Pablo Ezkurra Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiarekin eta Ione Fagoaga Lesakako Geroa Baiko zinegotziarekin batera, Lesakako bi denda bisitatu dituzte: Plaza Zaharrean dagoen Telletxea eta Eltzeta karrikako Eroski.

Telletxea zerbitzu anitzeko establezimendua da, familiako negozioa, inguruko bizilagunen hainbat beharrizanei erantzuten diena. Eltzetako Eroskiri dagokionez, duela gutti berritu eta modernizatu dute (lurzoru berria, ekipamendu eta altzari berriak), Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Departamentuak urtero argitaratzen duen txikizkako merkataritzako ETEen lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzen deialdiari esker.

Geroa Baiko ordezkariak Telletxea dendan.

Lesakako Geroa Baiko Ione Fagoaga zinegotziak hagitz positibotzat jo du bisita, eta Lesakako saltokiak animatu ditu Nafarroako Gobernuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko Departamentuaren dirulaguntza deialdietan parte hartzera. «Merkataritza bizia herri bizia da», nabarmendu du Fagoagak.

 

Etxalarko Lorpen enpresari emandako laguntza balioetsi du Bortzirietako Geroa Baik

Bertze aldetik, Sodenak Lorpen enpresari eman dion 450.000 euroko laguntza finantzarioa balioetsi du Bortzirietako Geroa Baik. Koalizioak nabarmendu duenez «langileen inplikazioari esker eta Mikel Irujo kontseilariaren lankidetzari esker ere, Etxalarren tokiko enpresa bat mantentzea ahalbidetu da, Lorpen enpresa jasangarria, kooperatiba eta berritzailea delarik gainera». Era berean ziurtatu du «operazio hau funtsezkoa izan dela 28 langileren jarduera eta enplegua mantentzeko».

Koalizioak gogorarazi duenez, «enpresa hau Europa mailan erreferente bilakatu da kalitatezko ehun gaien ekoizpenen jasangarrian, landa eremu batetik eginez gainera, bertan enplegua sortzen duen eredu bat eraikitzea lortuz, bertako herritarrak tokian finkatuz, ingurumena zainduz eta, punta-puntako tresna teknologikoekin, berrituz ere, berrikuntza eta tokian errotzea uztartu daitezkeela frogatuz».

Era berean, «Irujo kontseilariak eskualdeko enpleguarekin agertutako konpromisoa» balioetsi du Bortzirietako Geroa Baik, baita «28 langile ohien konpromiso ikaragarria ere, haiei esker gauzatu baita aukera berri hau Etxalarreko planta estrategiko honen jarduerari jarraitasuna eman ahal izateko, funtsezkoa delarik hori eskualdean jarduera industriala mantentzeko».

Mikel Irujo kontseilariak bere esker ona agertu zien «langile ohi talde honi, haien konpromiso, ilusio eta tinkotasunagatik, haiek egin baitute posible aukera berri hau, planta honek aurrera egin ahal izateko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun