Aurreko edizioetako parte-hartzaileak –idazleak eta ostalariak– asebeteta gelditu dira esperientziarekin. Horregatik, aurten ere bertze deialdi bat eginen dute 2026 urterako. Aurtengoak, gainera, badu berritasun bat: deialdia Lesakako herriarekin batera eginen du Getariak. Hartara, bi herrien arteko lankidetza sustatuko da, bi herrietako turismo baliabideak idazleen eskura jartzeaz gain. Elkarlan egitasmo hau aurkeztu dute azaroaren 4an, astearte goizean, Lesakako herriko etxean. Bi herrietako alkateak, Ladis Satrustegi eta Aritz Alberdi, eta bi herrietako kultur zinegotziak, Eneko Fernandez eta Ekaitz Esteban izan dira aurkezpenean, Getarian bizi den eta proiektua bultzatu duen Uxue Alberdi idazlearekin batera.
«Ederra litzateke nazio mailako sarea egiten joatea, gure herrietako baliabideak euskaraz sortzen ari diren kulturgileei eskainiz», aipatu dute. Getariako esperientziak interesa sortu zuen lesakarrengan, eta, bi herrien arteko harremanak egin du posible deialdi bateratu hau.
Lesakan, Pikuko borda landetxean eta Ekaitza hostalean eskainiko dute aste beteko idazleentzako sormen egonaldia. Getarian, berriz, San Prudentzio hotelean, Saiaz hotelean eta Katukale apartamentuetan. Interesa duten idazleek abenduaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dute eskabidea (kultura@getaria.eus edo kultura@lesaka.eus) eta hautatutako bortz idazleei 2026ko urtarrilean jakinaraziko zaie. Epaimahaia Jone Lizarraldek (Artzape aldizkariko arduraduna), Mikel Gartziarenak (Katu Kale literatur taldekidea eta EHUko irakaslea), Maddi Ane Txoperenak (idazlea) eta Markos Tantosek (Lesakako liburutegiko arduraduna) osatuko dute.