Berako ondarea berreskuratzeko eta duen balioa aitortzeko sortutako Mugerri elkarteak proiektu berria du esku artean. Iaz herriko 160 etxetan izenekin plakak paratu zituzten, eta aurten bertze horrenbertze plaka paratuko dituzte baserrietan.
Garai batean ohikoa zen etxeen izena erabiltzea eta baita jabeei etxearen izenaren arabera deitzea ere. Izen horiek berreskuratu asmoz, Pello Iratzoki Errandoneak egindako bilketa lana abiapuntu hartuta, eta haren marrazkiak baliatuta ondu dute proiektua. Euskaltzaindiak onartutako izen arautuak erabili dituzte.
160 baserrietan altzairuzko plaketan izenak paratzeaz gain, auzo bakoitzean panelak diseinatu dituzte Iratzokiren marrazkiekin. Auzo hauetan paratuko dituzte aurten panelak: Alkaiaga, Dornaku, Eltzaurdia, Garaitarreta, Kaule, Suspela, Suspelttiki, Zalain Zoko eta Zia.
Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren Sustraiak programaren eta Berako Udalaren dirulaguntza lortu du proiektuak.