Dokumentalaren estreinaldiarekin eta omenaldiarekin borobildu dute Beran Kottori buruzko zikloa

Ttipi-Ttapa 2025eko azaroaren 3a

Pasa den ortziralean bete ziren hogei urte Jose Altzuguren Kotto beratarra kartzelan hilik aurkitu zutela. Urteurrenaren harira, 'Udazkena loratzen' zikloa antolatu du Berako Espidobaita elkarteak eta asteburuan borobildu dute zikloa

Azken hilabeteetan Kottori buruzko Loratzen dokumentala grabatzen aritu dira eta horixe izan da asteburuan aurkeztu dutena. Ortziralean egin zuten dokumentalaren aurrestreinaldia, dokumentalaren finantzaketa kolektiboan parte hartu zuten lagunentzat. 

Larunbatean, berriz ere eman zuten dokumentala 11:00etan nahi zuen ororentzat. Kultur Etxe inguruak ikurrinekin eta Kottoren irudiekin apaindu zituzten eta emanaldiaren ondotik, poteo musikatua egin zuten. Mahaiaren bueltan bilduta eta kantuan borobildu zuten eguna. 

Igandean, berriz ere elkartu ziren eta Espidobaitak antolatuta, omenaldia egin zioten Kottori Otsandan parajean. 

Denera, 300 lagun baino gehiagok ikusi dute asteburuan dokumentala, eta Espidobaita elkartea «kontent» gelditu da bai dokumentalaren inguruan bildutako iritziekin eta baita asteburu osoan izandako «giro politarekin» ere. 

Asteburu honen aitzinetik bertso saio musikatua eta torturari  buruzko erakusketa eta solasaldia egin dituzte, eta bi ekitaldi horietan ere jende aunitz bildu da. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun