Etxalarren ere Gau Beltza ospatuko dute gaur

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 31

Azken urteetan bezala, aurten ere Gau Beltza ospatzeko elkartuko dira etxalartarrak gaur. 17:00etan hasi eta arratsera arteko egitaraua prestatu dute. Gau Beltza ospatzeko, bakoitzak bere linterna eramateko eta argia eramateko eskatu dute antolatzaileek. 

17:00etan elkartuko dira plazan eta mozorroak prestatu eta aurpegiak margotuko dituzte. 18:00etan txokolate beroa eta gaztaina erreak banatuko dituzte eta horretarako aitzinetik gaztainak bildu eta gaur plazara eramateko eskatu dute.

Tripa beteta, 18:45ean ttikien ibilbidea izanen da eta 19:30an Argizaiolaren misterioa ibilbidea eginen dute. Dena bukatzean, mahiaren bueltan bildu, eta  afari autogestionatua izanen da plazan. 

Gau Beltzeko ospakizunak girotzeko, Etxalarko Udalak jakinarazi du Antsolokueta auzoko karrikako argiteria ez dutela 22:00ak arte piztuko gaur. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun