[ARGAZKIAK] Giro bikaina izan dute Lesakako merkatu afarian bertsolariekin

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 31

Hamabortzeroko merkatu afaria berezia izan zuten urriaren 30ean, ortzegunean, Lesakako Kasinoan. Ohikoekin batera, Julio Soto eta Iker Zubeldia bertsolariak eta hainbat bertsozale bildu ziren, jangelako eta ostatuko mahaiak ere betez. 60 lagun baino gehiago. Giro ederra izan zuten udalak eta Bortzirietako bertso eskolak antolatutako ekitaldian.

 

Hamabortzeroko hitzorduan 70 urtetik goitiko gizasemeak biltzen dira, hamabortz-hogei inguru, baina ortzegun honetakoan adin eta profil hagitz desberdinetako jendea bildu zen eta giro berezia sortu zen, umoretsua eta bikaina. Bertsolariak bertsozaleetatik hurbil, begietara begira… Hika ere aritu ziren bertsotan eta Zubeldiak bere euskalkian ekarpen aberatsak egin zituen. Julio Sotori nabaritu zitzaion Nafarroako txapelketarako prestakuntza betean dabilela. Iker Zubeldia Zegamako alkate izateak ere eman zuen bertsotarako gaia. Lesakako auzo eta baserrien aipamenak ere egin zituzten, artzain lanari buruzkoak, ehiztarienak…

Laburbilduz, afari goxoa eta afalondoko giro ederra, bertsolariekin eta lagunartean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun