Bortzirietan euskara biziberritzeko III. Plan Estrategikoa onartu dute

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 31

Guzira 201 ekintza jasotzen ditu Bortzirietako Euskara Biziberritzeko III. Plan Estrategikoak, 2026-2031 bitartean garatzeko. Argazkian, urriaren 11n Lesakan egin zen Bortzeguna.

Zazpi ildo estrategiko eta 201 ekintza biltzen dituen plana onartu zuen Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Batzorde Erabakitzaileak urriaren 29an egindako bilera

Bortzirietako Euskara Mankomunitateko Batzorde Erabakitzaileak 2025eko urriaren 29an egindako bileran onartu zuen Bortzirietan Euskara Biziberritzeko III. Plan Estrategikoa. Planaren helburu nagusia honako hau da: «Bortzirietan euskararen nagusitasun eremuak babestu eta hedatzea (arnasgune izaera indartzea), herritarren euskararen aldeko jarrerak eta motibazioak aktibatu eta astintzea, eta immigrazioko jatorria duten herritarren integrazio linguistiko eta kulturala laguntzea».

Helburu hori betetzeari begira, planak zazpi ildo estrategiko hauek izanen ditu:

  1. Haur eta gaztetxoen sozializazioa (0-16).
  2. Ezagutza/gaitasuna.
  3. Erabilera/elkarreragina.
  4. Jarrera/motibazioak.
  5. Gobernantza eta antolaketa.
  6. Komunikazioa
  7. Ikerketa/sistematizazioa.

Eta guzira 201 ekintza jasotzen ditu planak, 2026-2031 bitartean garatzeko.

Herritar eta eragileekin batera egindako prozesuan landutako plana

Euskara elkarrekin irudikatu. Lelo horrekin herritarren eta eragileen parte hartzearekin batera mankomunitatearen III. plan estrategikoa osatzeko parte hartze prozesua egin da Bortzirietan. Prozesua urte hasieran hasi eta urrian bukatu da, mankomunitateko Batzorde Erabakitzaileak urriaren 29an egindako bileran plana onartuta. Guzira, galdetegiak, saio presentzialak eta elkarrizketak kontuan hartuta, 200 bat herritar eta eragilek hartu dute parte prozesu honetan. Prozesua Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin egin du mankomunitateak. Bertzalde, parte hartze prozesu hau garatzeko mankomunitateak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu du. 

Plana Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitate berriak garatuko du

Plana egungo Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen Batzorde Erabakitzaileak onartu badu ere, horren garapena Bortzirietako Zerbitzu Mankomunitate berriari egokituko zaio, bertan kokatuko baita Euskara Zerbitzua.

Hortaz, erran daiteke prozesu hau egitea eta plan hau prestatzea nahiz onartzea izan dela 35 urteko ibilbidea egin duen Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen azken egitekoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun