Aparkatzeko bereizgarri berriak banatuko dituzte Beran heldu den astelehenetik aitzinera

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 30a

Berako Kanttonberri karrikan eta Toki Ona aparkalekuan daude egoiliarrentzako erreserbatutako aparkalekuak.

Azaroaren 3an, heldu den astelehenean, hasiko dira egoiliarrentzako bereizgarriak banatzen Berako herriko etxean. Bereizgarriek heldu den bi urtetarako balioa izanen dute.

Beran berdez markatuta dauden egoiliarren aparkalekuetan aparkatzeko derrigorrezkoa da bereizgarri berdea izatea, eta horiek banatzen hasiko da udala azaroaren 3an. Heldu den bi urteetan aparkatzeko aukera emanen dute txartelek, eta banaketa herriko etxeko bulegoan eginen da bulegoko ordutegian: 08:30ean hasi eta 13:30ak arte. Itsasgarria hartzeko NANa aurkeztu beharko da.  

Auto bakoitzeko zenbakidun bineta emanen da, eta behin hori hartuta, ezinen zaio itsasgarria bertze pertsona bati eman. Bulegora bila joan ezin duenak, ordea, baimena ematen ahal dio hirugarren bati hori hartzeko. Horretarako titularraren NANaren kopia aurkeztu beharko du paperean edo mugikorrean, eta jasotze agiria sinatu beharko du. 

Bereizgarri horiek entregatzen diren unetik aitzinera izanen dira baliozkoak. Zaharrek, berriz, 2025eko abenduaren 31n galduko dute balioa. Heldu den urteko urtarrilaren 1etik aitzinera berriek behar bezala jarriak izan beharko dira erreserbatutako plazetan aparkatu ahal izateko.

Gaur egun aparkaleku berdeak Kanttonberrin eta Toki Ona institutuko eremuan daude.

Alkaiaga eta Zalain Zokoko herritarrak

Alkaiaga eta Zalain Zokoko auzoetan bizi direnek ere egoiliarren bereizgarria eskatu ahal izanen dute. Horretarako, ibilgailuaren titularraren NANarekin batera, Lesakako errolda ziurtagiria eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zergaren azken ordainagiria aurkeztu beharko dituzte. Ordenantzak dioenaren arabera, zerga hori Beran ordaintzen ez bada, 20 euroko tasa ordaindu beharko da bereizgarri berdea hartzeko. 

Ordainketa, txartelaren bidez edo eskudirutan egiten ahal da bulegoan, edo aitzinetik udalak Rural Kutxan duen kontuan: ES95 3008 0080 58 2812680425. Kasu horretan, ordainketaren egiaztagiria aurkeztu beharko da, ibilgailuaren titularraren izena eta NANa adierazita. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun