Lan aunitzeko urte sasoia izaten da udazkena Berako Antzuzelai hargintza lantegian. Duela 34 urte sortu zuten, 1991n, eta Jean Pierre Morante da bertako arduraduna. Antzuzelaik 34 urte baditu ere, aspaldikoa da Morantek harriarekin duen harremana: «1979an, kasualitatez hasi nintzen», kontatu du. «Bentetan eta sukaldaritzan aprendiz gisa aritua nintzen lanean eta hemezortzi urte nituelarik, bizitzan zer egin ez nekiela gelditu nintzen. Proposatu zidaten Iparraldeko harrobi batean lan egitea harlauzak ateratzen. Joan nintzen eta ez dakit zergatik, baina, gustatu zitzaidan, nahiz eta lan gogorra zen». Ondotik, Saran ikasi zuen harginaren ofizioa: «Gustuko lana nuen, eta sentitzen nuen gainera balio nuela». Hala, 1991n erabaki zuen bere kabuz hastea. Gaur egun hamabi lagun ari dira lanean Berako tailerrean eta «kontent» da.
Hileta artearen garaia
Gaur egun, batez ere eraikuntzarako aritzen dira lanean Antzuzelain, baina, bertzelakoak ere egiten dituzte: tximiniak, tailla artistikoak, eta tartean,baita hileta artea ere: hildakoak oroitzeko estelak, panteoiak, inskripzioen zizelkatzea, eta baita horien zaharberritze lanak eta garbitze lanak ere. Santu Guztien Egunaren bueltan aunitz izaten dira hilerrietara edo hildakoak oroitzeko harrietara bisitan joaten direnak, eta lan horiek egiteko garaia izaten da oraingoa hargintza tailer aunitzetan.
Jendea azken orduan
Azaroak 1 hurbildu ahala, hileta artearekin zerikusia duten lan gehiago izaten dituzte Antzuzelain: «Tximiniarekin neguan oroitzen gara, igerilekuarekin udan eta hildakoekin azaroan», azaldu du Morante bertako arduradunak. «Panteoietan, adibidez, zaharberritze lanak azkar egiten ahal dira, baina, panteoi zaharrak edo erorita daudenak moldatzeko denbora gehiago behar izaten da». Horregatik, horrelako lanen bat egin nahi dutenei denboran pixka bat aurreratzeko eskatu die: «Abuztu hondarra, adibidez, garai ona da horrelakoak eskatzeko».
«Lan hauetan inportantea praktika da eta eginez ikasten da»
Batez ere eskuz aritzen dira lanean, eta, artisau lanak izaten dira Antzuzelain egiten dituztenak. «Hona etortzen denak eskulana nahi izaten du», nabarmendu du. «Inskripzioak egiten ditugu, baina gehienak estelak izaten dira. Granitozko lanik ez dugu egiten». Urteak joan ahala, hilerrietan paratzeko lanez harago, hildakoen gustuko lekuetan jartzeko oroigarriak indarra hartzen joan dira Moranteren hitzetan: «Geroz eta gehiago eskatzen dizkigute hilerrietatik kanpora, hildakoaren leku gustuko batean jartzeko harriak, errautsak botatako lekuan, edo etxeko lorategian, adibidez».
Bezero gehien Iparraldean
Gaur egun hileta arteko hamar bezerotatik bederatzi Iparraldekoak izaten dituzte Berako tailerrean: «Han hilerriak diferenteak dira, estetikoagoak eta bertze alaitasun bat izaten dute». Batez ere hildakoen afizioekin lotutako lanak egiten dituzte: «Aunitz eskatzen dizkigute hildakoen afizioarekin lotutako elementuak sartzeko. Gauza alaiagoak dira, eta ez da oroitzapen triste bat izaten. Hala iruditzen zait, niri behintzat». Bezeroek «argi» izaten dute nahi dutena, eta «kontent» gelditu ohi dira lortzen duten emaitzarekin.
Galtzen ari den ofizioa
Aunitz aldatu da hargintza eta harriarekin lan egiteko manera Moranteren ustez. Garai batean «fisikoagoa» zen: «Gaur egun bentosa batzuk ditugu harriak mugitzeko, eta ez da esfortzu fisikorik egin behar», azaldu du. Hala ere, sektorea gainbeheran ikusten du:« Gazteek ez dute horrelako lanetan aritu nahi». Hargintzaz harago, bertzelako «lanbide tradizionaletan» ere antzeko joera dagoela dio: «Lan hauetan inportantea praktika da, eta eginez ikasten da. Ikasteko eta lanerako gogoa izatea garrantzitsua da, eta ikasteko prest etorri behar duzu».